Oriol Junquerasek ekainaren 13tik immunitatea zuela onartzeko eskatu dio politikariaren defentsak Espainiako Auzitegi Gorenari. Egun horretatik eurodiputatua zela eta, beraz, immunitatea zuela ebatzi zuen joan zen ostegunean Europako justiziak. Horregatik politikaria une horretan bertan askatu behar zuela esan dio haren abokatu Andreu Van den Eynde auzitegiari, idatzi baten bidez.
Junquerasen eskubideak bortxatu dituela onar dezala, eta presoa berehala aska dezala eskatu du defentsak. Horrez gain, Auzitegi Gorenak urriaren 14an jakinarazi zuen ebazpena ezeztatzeko exijitu du. Epaiketa ekainaren 13tik aurrera jarraitzekotan, Auzitegi Gorenak eskaera egin behar zion Europako Legebiltzarrari, akusatuari immunitatea kentzeko, baina epaileek ez zuten halakorik egin.
Defentsak gogoratu du Auzitegi Gorenak berak eskatu ziola Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari Junquerasen kasua aztertzeko. Beraz, orain haren ebazpena onartzea besterik ez du, defentsak argudiatu duenez.