Katalunia

Junqueras, Sanchez eta Forn ezinen dira joan parlamentua osatzeko saiora

Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak Kataluniako Legebiltzarraren Mahaiaren esku utzi du diputatu hautatuei botoa delegatzeko aukera ematea.

Junqueras, artxiboko irudi batean, Kataluniako Legebiltzarrean, Puigdemont alboan duela. ANDREU DALMAU, EFE
mikel rodriguez
2018ko urtarrilaren 12a
16:53
Entzun

Pablo Llarena epaileak uste du ez dela beharrezkoa espetxean dauden diputatu hautatuak legebiltzarrera joatea bozkatzeko eskubidearen erabilera egiteko. Oriol Junqueras ERCko zerrendaburuak eskaera hori egin zuen, epaileak espetxetik ateratzea galarazi zionean, eta Junts Per Catalunyako Jordi Sanchez eta Joaquim Fornek ere egoera bera izango dute, nahiz eta atzo epailearen aurrean eskatu zuten aske utz zitzatela. Horrez gainera, Junquerasek eskatua zuen Kataluniako espetxe batera eramateko, baina hori ere ez du onartu epaileak.

Bien bitartean, JPCko diputatu hautatuak Bruselan dira Carles Puigdemontekin, egoera aztertzen.

Hiru alderdi independentistek elkartuta 70 ordezkari lortu zituzten iazko abenduaren 21eko hauteskundeetan, gehiengo absolutura ailegatzeko behar den gutxienekoa baino bi gehiago. Alderdi unionistek, berriz, 57 lortu zituzten, eta Catalunya En Comu-Podemek, zortzi —bere burua bi blokeetatik kanpo kokatzen du—. Independentisten zalantzetako bat da espetxean eta erbestean dauden diputatu hautatuek nola lortuko duten parlamentuko bozketetan parte hartzea. Zortzi dira guztira, eta auzitegiek haien parte hartzea oztopatuko balute, independentisten botoak 62ra jaitsiko lirateke. Llarenaren erabakia baieztatuko balitz, eta espetxean daudenek gutxienez botoa delegatu ahalko balute, 65 mantenduko lituzkete.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.