Kataluniako prozesuaren aurkako auzia dela eta, erbestean dira Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordea izandakoa eta Marta Rovira idazkari nagusiak. Distantziak, ordea, ez du eragotzi ERC Esquerra Republicana de Catalunyako militanteek haien hautagaitza babestu izana alderdia zuzentzeko.
Sostengu zabala lortu du Junquerasen hautagaitzak, %90,39koa, eta berdin haren zerrendak ere: botoen %86,75 eskuratu ditu Rovirak, eta %83,99 Pere Aragones Generalitateko presidenteordeak. Aragones izango da aurrerantzean alderdiko koordinatzaile nagusia. Roger Torrent, egun Parlamentuko presidente dena, ez da zerrendan ageri, baina ganberako buru izanik, aurrerantzean ere Batzorde Eragile Nazionaleko kide izango da.
Marta Vilalta idazkariak azaldu duenez, buruzagitza berrestea zen bozketaren helburua, eta lortu dute: "Indartuta atera gara". Buruzagitza berrituak hilaren 28an zehaztuko ditu datozen urteetarako helburu eta estrategia nagusiak.