Hosni Mubaraken kontrako epaia ekainaren 2an emango dute. Prozesu luzea izan da —iazko abuztuaren 3tik joan den otsailaren 22ra—, eta hiru hilabetez eten zuten prozesua zuzentzeko Ahmed Rifat epailearen zilegitasuna kolokan jarri zutelako. Egipton matxinadak hasi eta bi hilabetera arte ez zuten atxilotu Mubarak. Ordura arte herria gobernatzeko ardura hartu zuen Junta Militarrak ez zuen batere asmorik erakutsi buruzagia atxilotzeko; frogak ezabatu dituztela pentsatzen dute biktimek, eta Rifaten jarrerak ez zuen egoera txartu besterik egin.
Sayed Fathi beste sei legelarirekin batera, matxinadetako hogei biktimaren familien eta 56 zaurituren abokatua da. Prozesuak iraun bitartean, frogekin, lekukoekin eta dokumentuekin bueltaka aritu da, eta prozesu osoaren lekuko zuzena da.
«Junta Militarragatik balitz, ez legoke prozesurik». Ziurtasun osoz esaten du hori: «Eskerrak ez dagoen prozesua Junta Militarraren esku. Tantawik deklaratu zuenean, adibidez, ez zuen egia esan». Mohamed Tantawi Indar Armatuen Kontseilu Goreneko buruzagia da. «Hark esan beharra zeukan Mubarakek Tahrirreko manifestarien kontra edozein modutan egiteko agindua eman zuen. Ezetz esan zuen».
Mubarak bota aurretiko manifestazioek iraun zuten hemezortzi egunetan manifestariak nahita hiltzea leporatu diote Mubaraki, 2011ko urtarrilaren 25etik otsailaren 11ra. Akusazioak heriotza zigorra eskatu du. Botere gehiegikeria ere leporatu diote, eta berarekin batera, bere bi semeak, Barne ministro ohia eta erregimeneko beste hainbat kargu daude auzipetuta. Atzo bertan bost poliziari hamar urteko espetxe zigorra ezarri zioten iazko urtarrilaren 28an manifestariak hiltzeagatik. Beste hamar absolbitu egin dituzte kausa beragatik.
Horren meritua herritarrena dela uste du Fathik; ostiralero Tahrir plaza betetzen zuten xede horrekin. Ustezko bihotzeko batek edota 83 urte izateak ezin izan zutenprozesua saihestu. «Mubarak kargutik kentzea lortu ondoren hori zuten eskaera nagusia, eta temati aritu ziren». Baina horrez gain, beste bi arrazoi eman ditu: «Kontseilu Militarra beldur zen Nazioarteko Zigor Auzitegiak esku hartuko zuela. Iazko apirilean Egipton izan ziren egoera aztertzen; eta Mubaraken jarrera ez zitzaien gustatu; ez zuen militarrek agindutakoa egin: Xarm el-Xeikh-era beranduegi erretiratu zen, eta Al-Arabiya kateari elkarrizketa eman zion esanez errugabea zela eta ez zuela ezer txarrik egin herriaren kontra, isilik egoteko eskatu ziotenean».
Fiskal nagusiak ere Mubaraken errugabetasuna defendatzeko ahalegina egin du, baina ez du lortu: «Martxoaren 29an, epaiketaren aurretik, fiskal nagusiak bilera egin zuen giza eskubideen aldeko erakundeetako nazioarteko ordezkari batzuekin, eta esan zien ez zituztela frogarik eta horregatik ez zutela epaituko».
Polizia, informazio zerbitzu eta estatuko gainerako segurtasun indarrekerakutsitako ziurtasunaz ere mintzatu zen orduan fiskala, izan ere, ikerketak iraun bitartean, agerikoa ezkutatzen saiatu ziren. «Estatuaren segurtasunaren bulegoko dokumentu bat atzeman nuen, 2009an Hosni Mubaraken itxurazko panpin bat erre zutela zioena. Dokumentu haren arabera, ez zen bestelakorik gertatu, iraultzarik ez zen egon, eta Mubarakek ez zuen kargua utzi».
Informazio zerbitzuek eskutitz bat bidali zuten esanez ez zutela batere informaziorik. «Esan zuten, beti bezala, hilketen errudunak atzerriko agente eta kriminalak izan zirela». Gainerakoan, «epaiketa garbia» izan dela deritzo Fathik: «Alde guztietatik Egiptoko legearekin bat etorri da». Arazoa da, haren ustez, ez dagoela Mubarak hilketen egile zuzena erakusten duen ezer. «Ez dago agiri sinaturik non manifestariak hiltzea agintzen duen».
Senideen ustez ez da justua izan prozesua eta ez dute emaitza onik espero, haientzat gerta litekeen gauza on bakarra heriotza zigorra ezartzea baita: «Hiltzen duenak hil behar duela uste dute senideek. Ordain ekonomikoa ere eskatzen dute, baina familia askok soilik Mubarak hilda ikusi nahi dute». Abokatuaren ustez, zigorrak hamar eta hamabost urte bitartekoa behar luke.
Euren egoera desegonkorra da prozesuak iraun bitartean: «batzutan bestetan baino hobeto egon dira. Orokorrean ez dute prozesuan sinesten, eta beldur dira euren senitartekoen hilketek ez dutela ezertarako balioko».
Fathiren ustez, ez daude egoera txarrean, baina era berean «beldur» da errugabe aterako dela. «Gauza bakar bat esan dezaket ziur: ez nintzateke epailearen larruan jarriko, bera baita bakarra erabakia hartuko duena».
Esperientzia handiko epailea da, 40 urte dauzka eta ondotxo ezagutzen du mundu hori eta haren funtzionamendua. «Konfiantza osoa dut harengan. Orain arte ez dauka okerreko erabakirik hartuta. Hori bai. Mubarak errugabe dela erabakitzen badu, kexua ezarriko dut formalki».
Sayed Fathi. Mubaraken akusazioaren abokatua
«Junta Militarragatik balitz, ez legoke Mubaraken kontrako prozesurik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu