Italiako Gobernuak Justiziaren erreforma polemikoa aho batez onartu du ez ohiko ministroen kontseilu batean. Legebiltzarrean konstituzio lege gisa aurkeztuko dute, orain.
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak hiru epaiketei aurre egin behar dien unean erabaki du gobernuak erreforma aurrera ateratzea. Ruby kasuagatik auzitara eraman berri dute, ustez, adingabeak prostituziora bultzatzeagatik eta boterea gehiegikeriaz erabiltzegatik. Horrez gain, urtarrilean, lehen ministroari immunitatea ematen zion legea partzialki konstituzioaren aurkakoa zela ebatzi zuen Auzitegi Konstituzionalak.
Oposizioak gogor kritikatu du Gobernuak proposatu duen erreforma, izan ere, PD Alderdi Demokratako Pierluigi Bersaniren hitzetan, neurriaren xedea Berlusconiri mesede egitea da. Lehen ministroak ordea salaketa horiek ukatu ditu herritarren mesedea bilatzen duela azpimarratuz.
Epaileen eta fiskalen ikasketak bananduko dituzte erreforma onartzekotan.Salaketa eta defentsa maila berean jartzea da neurri horren helburua Angelino Alfano Justizia ministroaren arabera.Epaile eta fiskalentzat Diziplina Auzitegi bat eratzea ere biltzen du erreforma proiektuak. Medikuen eta funtzionarioen antzera, erantzukizun zibila ezarriko zaie magistratuei.
Horrez gain, absoluzio sententziak apelaezinak bilakatuko dituzte lehen instantzian. Alegia, lehen instantzian absolbitutako herritar bat ezin izango da berriz delitu beragatik epaitu. Neurri hori izan da, hain zuzen ere, polemika gehien eragin duenetako bat.
Justiziaren erreforma polemikoa onartu du Italiako Gobernuak
Oposizioak erreforma kritikatu du; proposamenaren xedea Berlusconiri mesede egitea dela dio PDk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu