Junts per Catalunyak Kataluniako Parlamentuan dituen 32 diputatuak abstenitu egingo dira biharko inbestidura saioan. Hala jakinarazi du alderdiko batzorde exekutiboak ohar batean, arratsaldean bilduta egon ondoren. Hortaz, ERCko hautagai Pere Aragonesek ez du nahikoa babes izango Generalitateko presidentetza eskuratzeko. Aldeko 42 boto izango ditu —ERCko eta CUPeko diputatuenak—, eta urrun geratuko da inbestitua izateko behar dituen 68tik. «Gobernu independentista bat izatea bermatuko duen akordio bat lortzea izan da eta da Junts per Catalunyaren xedea», adierazi du alderdiak, ohar bidez.
Gobernu akordioa osatzeko negoziazioak ahal beste tenkatzen saiatu da JxC. Gemma Geis eledunak adierazia zuen «ziur aski» ez zela adostasunik izango ostirala baino lehen. ERCk eta CUPek eginahalak egin dituzte asteon, eta bilduta izan dira JxCko ordezkariekin. Bilera horien balantzea egin dute oharrean: «Inolako legealdi akordiorik ezin izan dugu egin, ez baitugu gobernu egonkor bat bermatzeko hitzarmenik egin, Katalunia krisi sozial eta ekonomikotik aterako duena eta otsailaren 14ko mandatua betearaziko duena».
Bigarren aukera bat izango du Aragonesek. Printzipioz, hurrengo asteartean izango da, eta nahikoa luke gehiengo soila lortzea presidente izendatua izateko. Edonola ere, aurkako botoak aldekoak baino gehiago izango lirateke, JxC oraingo posizioan mantenduko balitz. Beharrezkoa du Carles Puigdemonten alderdiaren sostengua.
Biharko saioak huts egin ostean, parlamentuak bi hilabeteko epea izango du Generalitateko hurrengo presidentea izendatzeko, eta, tarte horretan, Laura Borras ganberako presidenteak nahi beste inbestidura pleno deitu ahalko ditu. Bi hilabeteko denbora tarte hori pasata Kataluniako Gobernuak presidenterik gabe jarraituko balu, berriz ere hauteskundeetara deitu beharko litzateke.