Amaitzear da bere lana batzordea; ostiralean aurkeztu zituzten ondorioak bi taldeek, bakoitzak bere kabuz, baina testu bat adostu dute gaur. Horren arabera, "ariketa demokratikorako aldebakarreko mekanismo bat" txertatu nahi diote prozesu eratzaileari, baina ez dute zehaztu Aldebakarreko Independentzia Erreferendumaz ari diren.
Europa Press agentziak zabaldu duenez, testuak prozesu parte hartzaile bat egitea jasotzen du lehen fasean; bigarrenean Espainiako Estatuarekiko deskonexioa egingo lukete hauteskunde eratzaile batzuen bidez, eta bozetako emaitzek bide emango liekete Kataluniako konstituzioa idatziko lukeen asanbleari. Hirugarren fasean, konstituzio hori erreferendum bidez berretsi beharko lukete herritarrek.
Bigarren fase horretan egin dute zehaztapena; hiru deskonexio lege onartzearen bidez gauzatuko litzateke Espainiarekiko haustura, eta horri erantsi diote ariketa parte hartzailea, "Asanblea Eratzailearen deialdia aktibatzeko".
Azken asteetan Aldebakarreko Independentzia Erreferenduma egiteko aukera izan da eztabaidagai Katalunian. Junts pel Si-ko Lluis Corominasek ez du aukera hori aipatu, baina bai, ordea, CUPeko Mireia Boyak; alde agertu da, eta ohartarazi du erreferenduma ezin dela adostua izan "horrelako estatu batekin".
Parlamentuko batzordea lau hilabetez aritu da lanean, eta haren ondorioak osoko bilkuran bozkatu beharko dituzte. Uztail amaieran izango da hori.