Kabiliak 'Berbereen udaberriaren' 20. urteurrena ospatu du

Ikasle eta intelektualek piztutako matxinadak eman zien bultzada handiena berbereen kultur eskakizunei

Erredakzioa
2006ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Duela 20 urte gertatutako Berbereen udaberria gogoratu zuen atzo Kabiliak. Ikasle eta intelektualek piztutako matxinada gogor zanpatu zuen Aljeriako Poliziak, dozenaka atxiloketa eginda eta okupatuta zegoen Tizi Ouzouko Unibertsitatean indarrez sartuta, 1986ko apirilaren 20an. Jazarraldiaren egunik gogorrenaren 20. urtemugan, elkarretaratze ugari egin zituzten atzo Kabiliako hiri gehienetan, eta Aarch herri batzordeek greba egunera deitu zuten. Gainera, kultur ekitaldi franko antolatu zuten. Berbereen udaberriaren bultzatzaile nagusi izandako MCB Berbereen Kultur Mugimenduko arduradunak gogoratu zituzten. MCBko 24 kide atxilotu zituzten 1986ko apirilaren 20an, baina, haiekiko elkartasunez Kabilian hazi zen mobilizazio zabala zela eta, aske utzi zituzten ekainaren 26an.

Tamazight berbereen kultura eta hizkuntza eskubideen aldeko borrokaren bultzatzaile nagusia Kabiliako hiriburu Tizi-Ouzouko Unibertsitatea izan zen. Hori 1977an ireki zuten, Aljerrek hainbat urte erantzunik gabe utzitako eskakizunei amore eman ondoren. Haatik, FLN alderdi bakarraren aginteak zelata oso estu eta zorrotzean atxikitzen zuen berbereen kultur eta nortasun eskarien oihartzun gune bihurtu zen, hasieratik, unibertsitate hori.

Horren froga argia izan zen Tizi Ouzouko wali edo prefetak, Mouloud Mammeri berbere idazle ezagunak, 1986ko martxoan eman behar zuen hitzaldia debekatzea, nahiz eta haren gaia Kabiliako antzinako olerkariak besterik ez izan.

Debeku hori salatzeko, ikasleek biltzar nagusia egin zuten biharamunean bertan, eta manifestazio jendetsua egin Tizi Ouzoun. Martxoaren 14an, Aljeriako Kultur Eskubideen Aldeko Batzordea eratu zuten Parisen, berbere jatorriko intelektual ugarik babestuta. Martxoaren 16an, protesta Aljerreraino zabaldu, eta ehunka ikasle kalera jaitsi ziren berbereen kultur eskariekin elkartasunean.

Manifestazioari gogor oldartu zitzaizkion Chadli Bendjedid orduko presidentearen manupeko polizia indarrak. Apirilaren 8an, Tizi Ouzouko Unibertsitatea okupatu zuten ikasleek, berbereen kultur eskakizunen, adierazpen askatasunaren eta atxilotuak aske uztearen alde agertuta. Apirilaren 16an, Kabilia osoak bat egin zuen greba orokorrarekin eta, Tizi Ouzouz gain, Bejaia, Bord Menaiel, Bouira eta beste hirietako matxinadak Berbereen udaberria zabaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.