Berbereak nagusi diren Kabilia eskualdea muturreko ekintzaile islamisten geriza leku bihurtu da azken urteetan. Ezen, Aljer hiriburutik eta gainerako hiri handienetatik, indarrez haizatuak izan diren ekintzaile islamistek Kabiliako mendialdean aurkitu dute babesa. Hala, Tizi Uzu hiri nagusiaren inguruez gain, Aomar, Bogni, Draa el Mizan, Kadiria eta Lakhdaria eskualdeetako mendiguneetan dira jarri, gaur egun AQMI Magreb Islamikoko Al Kaeda izena duen eta aurretik GSPC Predikazioa eta Guduarentzako Talde Salafista zeritzon erakunde armatuko ekintzaile sasitarrak.
Indarkeriaz, iritzi kontrajarriak
«Segurtasun egoera txartzeak kezkatu behar gintuzke; ezin dugu terrorismoaren arriskua gutxitu, agintariek egiten duten bezala», adierazi du Mahmud Belhimer politikan adituak: «Astearte honetako atentatuak agerian utzi du ekintzaile islamistak berrantolatu egin direla, eta garrantzia handiko jomugak har ditzaketela». Harekin bat etorri da, neurri batean behintzat, AQMIko buruzagi goren Abd el Malek Drukdele The New York Times egunkarian, joan den uztailean, argitaratu zen elkarrizketa batean. Drukdelen esanetan, talde armatuan gero eta ekintzaile gehiago sartu da azken hilabeteotan, «mendebaldeak islamaren aurka hasitako gerrari aurre egiteko asmoz».
Aljeriako segurtasun indarrek, aldiz, ziurtatzen dute AQMI asko ahuldu dela. Horien esanetan, ekintzaile islamisten artean gerra gorria dago, hainbat buruzagiren arteko norgehiagoka etazenbait eskualdetan aginpidetza lehia zorrotzak daudelakotz. Iturri horien arabera, betiere, sasietako bizi gogorrak gogogabeturik, ekintzaile ugari Aljerreko gobernuak paratutako barkatze eta gizarteratze eskaintza onartzeko prest leudeke.
Aljeriako agintarien adierazpen baikor horiek nolabait gezurtatuz, ekainaz geroztik, atentatuak nabarmen ugaritu dira herrialde osoan.
Kabiliako mendiak, muturreko islamisten geriza
Aljerretik haizatuak izan ondoren, ekintzaile islamisten kanpalekuak berrantolatu dituzte lurralde berberean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu