AEB Ameriketako Estatu Batuek gidatutako koalizioaren indarrek herrialdean segitzen dute, baita nazioarteko baketze indarrek ere. Talibanak eta Al Kaeda erakundeko ekintzaileak ez dituzte guztiz desagerrarazi Afganistandik, eta zenbait iturrik diote hainbat eremutan indarrak metatzen ari direla. Tarteka-marteka haien eta AEBetako soldaduen arteko borroken berri izaten da, edo estatubatuarrek zein britainiarrek haien armategiren bat aurkitu dutela diotena.
Azken bi hilabeteotan talibanek eraso kopurua areagotu dute AEBek gidatu koalizioaren eta Afganistango soldaduen kontra. Ondorioz, hainbat soldadu eta gerrillari taliban hil dira. Afganistango agintarien esanetan, talibanek Pakistango aldetik muga igaro eta erasoak burutzen dituzte askotan. Joan zen igande iluntzean, aldiz, iparraldean dagoen Aktxa hiriko armategi batean izandako nahigabeko leherketa batean Abdul Rashid Dostumen miliziako 13 kide hil eta 20 bat zauritu ziren.
Segurtasunaren arazoa ez da nolanahikoa. Etxe Zuria aholkatzen duten Atzerri Harremanetarako Kontseiluak eta Asia Elkarteak joan den ekainean kaleratutako txosten batek zera dio: «Nazioartekoak ez badu ekonomia, diplomazia eta segurtasun arloetan laguntza handiagoa laster ematen, Afganistan 90eko hamarkadan nagusi izan zen, eta talibanen hedapena lagundu zuen jauntxokeria eta anarkiara itzul daiteke». Orobat, txostenak dio George Bushen administrazioak AEBetako tropak Kabuletik kanpo segurtasuna mantentzeko lanetatik at atxikitzeak kalte egiten diela Karzairen gobernuaren segurtasun arloko beharrei.
Txostenari jarraiki, Afganistanen diren 11.000 soldadu estatubatuarretatik batzuek Kabuletik kanpo baketze lanetan aritu beharko lukete, ISAF Nazioarteko Segurtasun Indarrak kopuruz handituz egun 5.000 kide ditu. Horrez gain, txostenak tokian tokiko miliziak desegiteko eskatzen du, baita 2004ko udarako Afganistango Armada Nazionala egungo 9.000 soldaduetatik 27.000ra handitzea ere.
Sohail Abdul Nasir kazetariak dio ezadostasun franko daudela Armadarako eta Poliziarako proposatutako etnien araberako portzentaiekin. «Hainbat txostenek salatu dutenez, Defentsa ministro Mohammad Fahim jeneralak soilik bere ingurukoak izendatu ditu postu nagusietarako. Gainera, esaten da Errusiak hornitutako arma eta munizioak bere miliziak iparraldean dituen posizioak sendotzeko erabiltzen ari dela, Dostum jeneralaren milizia uzbekoei eta Burhanudin Rabani presidente ohiarenei gailentzeko».
«Bitartean gerra jauntxoak mesfidati eta elkarren artean lehian dabiltza; beren milizia pribatuak dituzte botere iturri. Ez du iduri borrokatu gabe amore emango dutenik. Zaila da jakitea Armadak zenbaterainoko arrakasta izango duen 200.000 bat milizianoren aurka».
Egoeraren beste aurpegia
RAWA Afganistango Emakumeen Elkarte Iraultzaileak argitaraturiko Abdul Nasirren artikuluan kazetariak esaten duenez, itxura batean Karzai presidentea ondo ari da: «Atzerriko agintariek maiz bisitatzen dute, giza laguntza lanak aurrera darrai, Kabulen farolak jarri dituzte, japoniarrak apartamentu blokeak eraikitzen ari dira eta Armada Nazionala eratzeko bidean da. Talibanen eta Al Kaeda sarea hautsita dago, eta buruzagiak desagertuta».
Aitzitik, errealitateak beste alde bat duela dio: «Iragan irailean Karzai gutxigatik salbatu zen hilketa saio batetik; Abdul Kadir presidenteordea iazko uztailean hil zuten erasotzaile ezezagun batzuek, eta Hegazkintza ministro Abd-ur-Rehaman iazko otsailean hil zuten erromes sumindu batzuek. Hiriburutik at gerra jauntxoen aginteak dirau. Landan mitxoletaren ekoizpena inoizko handiena da, baita heroinaren ekoizpen eta trafikoa ere. AEBetako tropa, instalazio eta baseen kontrako erasoak eguneroko ogia dira. Ororen gainetik, nahiz eta nazioartetik laguntza politiko handia jaso, Karzai ez da gai izan Gobernua Kabuldik haratago asko hedatzeko».
Gerrak eragindako errefuxiatu oldetik milaka batzuk itzuli dira egundaino. Haatik, pobreziaz betea eta azpiegiturarik gabe aurkitu dute sorterria.
Giza eskubideen urraketa
AEB Ameriketako Estatu Batuetan egoitza nagusia duen HRW Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak berriki salatu duenez, Afganistanen egongaiztasuna eta izu giroa sortzen duten gerra jauntxoak babesten ditu Washingtonek eta hark zuzendutako nazioarteko koalizioak. Horrez gain, Karzairen zenbait ministrorentzat lanean ari diren hainbat polizia eta militarrek egindako gehiegikeriak ere salatu ditu.
Kabuldik kanpo, gerra jauntxoek bahitua dute herrialdea, giza eskubideen aldeko taldeko kide Brad Adamsek nabarmendu duenez: «Talibanen agintea 2001ean erori ondoren, AEBek eta beren koaliziokideek boterean jarri zituzten pistolero eta gerra gizonak ari dira giza eskubideen bortxaketak egiten». Bahiketak, lapurretak, bortxaketak eta estortsioa dira, besteak beste, HRWek salatu gehiegikeriak.
«AEBek eta Erresuma Batuak, bereziki, erabaki behar dute Karzai presidentea eta beste erreformatzaileekin edo gerra jauntxoekin dauden. Zenbat eta gehiago itxaron, orduan eta zailago izango da gerra jauntxoen boterea murriztea», arrenguratu da Adams. Karzairen eledun baten ahotan, Gobernua ahal duena egiten ari da giza eskubideen urraketak geldiarazteko, baina «zeregin erraldoi bat» da.
2004an hauteskunde orokorrak egitekoak dira, baina HRWren txostenak eta adituek ohartarazi dute egoera hobetu ezean, prozesu demokratikoa auzitan egongo dela.
TXOSTENA
Laguntza agentziak kaltegarri gertatu dira Afganistanen
Gurutze Gorriaren Munduko Hondamendien Gaineko Txostenak uztailaren 17an ohartarazi zuenez, gatazka edo hondamendi baten ondoren laguntza agentziak herrialde batean egun batetik bestera hedatzeak onura baino kalte handiagoa eragiten ahal dio herrialde horren berreraikuntzari. Afganistanen hala jazo dela dio txostenak: «Talibanen porrotetik Afganistanera nazioarteko 350 laguntza agentzia baino gehiago iritsi izanak errentak igoarazi, soldatak puztu eta afganistandar trebatuak Gobernuko eta bestelako funtsezko zerbitzuetatik desbideratu ditu».