AFGANISTAN
Kabulen agindupeko bost polizia hil dituzte, ustez talibanek
Poliziburua eta beste lau kide hil zituzten astelehenean Afganistango hegoaldean ustez gerrillari talibanek, polizietxe bati erasota. Horrez gain, beste bi polizia zauritu zituzten. Bi auto eta garabi batean heldu zen gizatalde armatu bat Kandahar hiritik 100 bat kilometrora dagoen Ghorak eskualdeko polizietxera, eta Kabulgo gobernuaren agintepeko erakundearen egoitzari eraso zioten. Inork ez du hartu bere gain erasoaren ardura. Halere, erasotzaileak talibanak zirela esan zuen Mohammed Salim Kandaharko poliziburuordeak. Azken asteotan ugari izan dira halako erasoak. Joan zen asteburuan, Poliziaren ibilgailu baten kontrako segada egin zuten Kandahartik gertu, eta bi pertsona zauritu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu