AEBetako Defentsa Departamenduak jakinarazi duenez, 10.000 pertsona daude oraindik Kabulgo aireportuan zain, handik ateratzeko asmoz. Abuztuaren 31n amaitzen da AEBko soldaduek handik erretiratzeko duten epea, eta AEBek iragarri dute jada lehentasuna ematen hasiko zaiola bere soldaduak handik ateratzeari. Hank Taylor logistika zuzendariordeak jakinarazi du, talibanek Kabul hartu zutenetik, 82.000 pertsonak egin dutela ihes Afganistandik: "39 minuturo hegazkin bat aireratzen da Hamid Karzai aireportuan", adierazi dio Taylorrek CNN telebista kateari.
Atzerako kontaketaren amaierara hurbildu ahala, aireportutik soldaduak eta zibilak ateratzeko ebakuazio lanak areagotzen ari dira. Datorren astearterako amaitu behar dituzte lanok, AEBetako Gobernuak atzo baieztatu baitzuen ez duela luzatuko epemuga. Oraingoz, AEBek eta bere aliatuek 82.000 lagun inguru atzerriratu dituzte Kabuldik abuztuaren 14tik, talibanek Afganistango hiriburua hartu zuten egunaren bezperatik.
«Zenbat eta lehenago amaitu, orduan eta hobeto», adierazi zuen atzo Joe Biden AEBetako presidenteak, G7ko goi mandatarien goi bilera amaitu berritan. Talibanekin negoziatzen aritu da egunotan Etxe Zuria, epeen inguruan, eta atzo jakin zen William Burns AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko zuzendaria talibanen ordezkaritza batekin bildu zela astelehenean Kabulen. Haiekin negoziatu arren, Bidenek ez zuen erabat itxi epemuga ez betetzeko aukera: «Pentagonoari eskatu diot alternatibak prestatzeko, egutegia moldatzea beharrezkoa balitz ere». Aukera hori aktibatu ala ez talibanen esku egongo dela azaldu zuen: «Egun horretan [abuztuaren 31n] operazioa amaitzea talibanek gurekin kooperatzeko duten prestasunak baldintzatuko du».
Gaineratu zuen egunetik egunera gero eta arrisku handiagoa dutela bere tropek Kabulgo aireportuan. Aurrez ere esana zuen Etxe Zuriak EI Estatu Islamikoaren atentatu bat izateko arriskua areagotzen ari dela, eta hala berretsi zuten atzo gobernuko bi funtzionario anonimok.
Londres izan da Bideni ebakuazioak luzatzeko presio gehien egin dionetako bat. Borroka hori galduta ere, eskari horrekin segi zuen Boris Johnson lehen ministroak, baina, kasu horretan, talibanei zuzenduta: «Abuztuaren 31tik aurrera ere Kabuldik jendea ateratzen utzi behar dute». Halaber, datozen egunetan milaka lagun ebakuatzen jarraituko dutela nabarmendu zuen, eta «azkenera arte» arituko direla horretan. Erresuma Batuko Defentsa Ministerioko iturriek, ordea, aurreratu dute bere tropek AEBekoek baino lehenago utzi beharko dutela Afganistan, segurtasun arrazoiengatik.
Gaur, Dominic Raab Erresuma Batuko Atzerri ministroak jakinarazi du herrialde horretako soldaduek 9.000 lagun ebakuatu dituztela orain arte. Ez du argitu, ordea, Kabuldik atera nahi dituztenetatik zenbat geratuko diren horretarako aukerarik gabe, datorren asteartetik aurrera. «Zenbatek etorri nahi duten, horrek ere baldintzatuko du», adierazi du, ITV telebista katean egin dioten elkarrizketan.
Hain justu, talibanak agintera iritsi ziren unean Raab Greziako Kreta uhartean oporretan egon izanak polemika eragin du egunotan Erresuma Batuan. Gai hori hizpide hartuta, Raabek onartu du akatsa izan zela une horretan oporretan egotea, baina bere burua defendatu du, esanez talibanak «hain azkar» hedatzeak «ezustean» harrapatu duela mundu guztia. Era berean, ukatu egin du handik itzuli zen baino lehenago itzultzeko eskatu eta hark horri uko egin zionik.
Bitartean, gero eta arriskutsuagoa bihurtzen ari da Afganitandik ihes egitea helburu hori duten milaka eta milaka herritarrentzat. Izan ere, talibanek atzo jakinarazi zuten Kabulgo aireportura joatea galarazi zietela herritarrei, hango egoera «kaotikoa» dela argudiatuta. Aireportuaren segurtasun perimetroa haiek kontrolatzen dute, eta, hainbat hedabidek Kabuldik bertatik emandako azken berrien arabera, nabarmen areagotu dituzte kontrolak azken orduetan. Gainera, soldadu talibanen jarrera gero eta oldarkorragoa dela ere zabaldu dute.
Talibanak dei egiten ari zaizkie herritarrei herrialdean geratzeko, eta AEBetako Gobernuari eskatu diote «herritar kualifikatuen» ihesa ez sustatzeko. Horrez gain, datorren asteartetik aurrera hegaldi komertzialak berrabiaraziko dituztela iragarri du Suhail Xahin bozeramaileak, Twitter bidez, eta dokumentazioa «eguneratuta» dutenek horiek hartzeko aukera izango dutela.