Kaczynskik garaipena lor dezake

Komorowskiren aldeko dira inkestak Polonian; haatik, Kaczynskik ustekabea eman dezake gaurko bozetan

2010eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Berriro Kaczynskiren aurka; berriro presidentetzarako hauteskundeetan, eta bigarren itzulian. Berriro inkestak alde dituztela. 2005eko bozetan gertatutakoa errepikatzerik nahi ez badu, Bronislaw Komorowskik ez luke inkestez fidatu behar: Donald Tuskek, orain lehen ministro denak,baldintza horietan galdu zituen azken presidentetzarako hauteskundeak. Lech Kaczynski presidente ohiaren aurkako buruz burukoan izan zen. Gaur, Komorowskik horren anaiaren aurka lehiatu behar du; eta Polonian gauzak aldatu direla frogatu. Gainontzean, kaczynskitarrek irabaziko dute berriro.

Iragan ekainaren 20an egin zuten Polonian presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia; alabaina, hautagai bakar bat ere ez zen gehiengo osoaren jabe egin. Hori dela eta, bigarren itzulian lehiatuko dira Herri Plataformako hautagaia, Komorowski, eta Legea eta Justizia alderdikoa, Kaczynski. Ekainean bost puntuko aldea atera zion hautagai liberalak Kaczynskiri; orain, ez da argi hainbestekoa aterako dionik.

Azken inkesten arabera, Komorowskik botoen %45 eta 54 artean lortuko ditu; aldiz, Kaczynskik %42 eta 45 artean. GFK Polonia institutuak argitaratutako inkestak dio, bestalde, hautagai kontserbadoreak irabaziko duela -kanpainan Kaczynskiri garaipena eman dion bakarra izan da GFK-k ostiralean argitaratutakoa-: parte-hartzea %54 ingurukoa izango da, eta hautagai kontserbadoreak botoen %49 eskuratuko ditu; Komorowskik bi puntu gutxiago.

Liberalak kezkatzeko moduko datuak dira horiek; hauteskunde kanpaina hasi zutenean, izan ere, alde handia ateratzen zien kontserbadoreei. Adituen arabera, gainera, abstentzioak Herri Plataformako hautagaiari egingo dio kalte: Kaczynskiren boto-emaileak Komorowskirenak baino fidelagoak dira, eta liberalek herritarren parte-hartzea sustatzeko ahaleginak egin badituzte ere, Komorowskiri botoa emango lioketen asko etxean geldituko direla uste dute analistek.

Grzegorz Napieralski buru duen Ezker Demokratikoaren Alderdia, bestalde, ez da hautagai baten alde lerratu. Ezkertiarrek botoen %13 eskuratu zituzten bozen lehen itzulian; eta haien botoak bigarren itzulian giltzarri izango direlako, haiek konbentzitzen ahaleginak egin dituzte Komorowskik eta Kaczynskik. Adituek diote, inoren alde egitekotan, liberalen alde egingo dutela ezkertiarrek. Haatik, ikusteko dago haietako asko hauteslekuetara hurbiltzen diren ere.

Lech Kaczynski iragan apirileko hegazkin istripuan hil zen, Smolensken (Errusia) -95 lagun gehiago hil ziren ezbeharrean-. Hain zuzen, hark utzitako hutsunea lehenbailehen betetzea erabaki dutelako aurreratu dituzte hauteskundeak; gainontzean, udazkenean egingo zituzten presidentetzarako bozak.

Bi ikuspuntu

«Hauteskunde hauek tragedia batek hasi zituen. Poloniaren garaipen handi batekin amaitzea espero dut». Jaroslaw Kaczynskik gune kontserbadoreetan egin du kanpaina bereziki. Katoliko, bizi molde tradizional eta kontserbadorea dutenen sostengua du, izan ere, lehen ministro izandakoak. Gaurkoan, haien botoa ez ezik, Kaczysnki anaiaren heriotzak hunkitu zituen herritarren botoa ere eskuratzea espero du.

Komorowskik, berriz, herrialdea aldatu nahi dutenen botoa bereganatzeko ahalegina egin du: «Ezinikusia eta erresumina eragiten duen baten, eta Poloniaz ikuspegi baikorragoa duen beste politikari baten artean aukeratu behar dute herritarrek». Komorowski europazaleagoa da, eta kontserbadorea izanagatik, ekonomia liberalaren aldeko da.



Misilen aurkako ezkutua eraikitzeko ituna sinatu dute AEBek eta Poloniak

Polonian AEBen misilen aurkako ezkutua eraikitzeko ituna sinatu zuten atzo Hillary Clinton Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak eta Radoslaw Sikorski Poloniako Atzerri ministroak. Bere garaian, sistema bat proposatu zuen George Bush presidente estatubatuarrak, eta hura aldatzeko ados jarri dira bi herrialdeak; sistema berriaren arabera, AEBek itsasoan kokatuko ditu misil gehienak, baina baita zenbait Poloniako lurretan ere. Ituna sinatzeko ekitaldian, Clintonek nabarmendu du misilen aurkako ezkutuak ez duela Errusia mehatxatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.