Botoen %99,5 zenbatuta dituztela, Kadima zentro-eskubiko alderdiak irabazi ditu Israelgo Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ozta-ozta, baina. Izan ere, 120 diputatuetatik 28 lortu ditu Tzipi Livniren alderdiak -29 zeuzkan- eta Likud eskubikoak 27 -12 zituen; Benjamin Netanyahu da horko burua-.
Armadako eta atzerriko diplomazia taldeko kideen botoak falta dira kontatzeko; hurrengo 48 orduetan zenbatuko dituzte.
Hurrengo alderdien emaitzak: Avigdor Lieberman buru duen Yisrael Beiteinu eskubi muturrak 15 legebiltzarkide (11 zituen), Ehud Barak buru duen Alderdi Laborista zentro-ezkerrak 13 (19 lehen), Shas alderdi erlijioso ortodoxoak 11 (12), Toraren Judaismo Batuak 5 (6). Atzerago geratu direnak: Ra'am (Zerrenda Arabiar Batua)-Ta'al koalizioak, 4 eserleku (lehen 4); Batasun Nazionalak 4 (9); Hadashek 4 (3); Meretz-Yachad koalizioak 3 (5); Aberri Juduak 3 (-); eta Baladek 3 (3).
Israelgo palestinarren alderdiek (Alderdi Laboristan eta Kadiman ere bada ordezkari palestinarrik) diputatu bat gehiago lortu dute. 2006ko martxoan eginiko bozetan guzira 10 diputatu zituzten Raam-Taal koalizioak, eta Balad eta Hadash alderdiek. Oraingoan Hadash alderdi mistoak (juduak eta palestinarrak barne hartzen ditu zerrendetan; alderdi komunista ohia da) eserleku bat gehiago eskuratu du.
Azkeneko legealdian Kadima egon da agintean, eta Ehud Baraken Alderdi Laboristak eta biek koalizioa egin dezakete -Shas ere egon da koalizioan baina azken egunetan esan du ez dela berriro izango-. Dena dela, eskubiak 65 diputatu lortu dituela nabarmendu dute Israelen. Ez dirudi Livnik Netanyahurekin bat egiteko asmorik duenik. Biek ala biek azken egunetan hitz gogorrak izan dituzte Hamasen eta hura sostengatzen dutenen aurka, baina Likudeko burua Tel Avivek sinatutako bake akordioen aurka agertu izan da beti, Livni bera ez bezala.
Atzo egin zituzten hauteskundeak eta %65eko parte-hartzea izan zen, duela hiru urte baino hiru puntu txikiagoa.
Israelgo bozak
Kadima irabazle Israelgo hauteskundeetan, diputatu bateko aldearekin
Zentro-eskubiko alderdiak 28 legebiltzarkide lortu ditu Israelgo bozetan -lehen baino bat gutxiago-, eta Likud eskuinekoak 27 -hamabost gehiago-. Botoen %99,5 dituzte zenbatuta. Eskubiak gehiengo osoa du Legebiltzarrean. Israelgo palestinarrak 10 diputatu izatetik 11 izatera igaro dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu