Paul Kagame presidentea 1994an heldu zen boterera, bera buru zuen Ruandako Fronte Patriotikoak hiriburua hartu eta genozidioa amaitu zuenean. Baina badira diktadoretzat dutenak ere. Azken horiek "oposizioa isilaraztea" eta "autoritarismoz agintzea" leporatzen diote estatuburuari. Ordea, azken bozek argi erakusten dutenez, luzerako egongo da Kagame agintean. Izan ere, botoen %98 bereganatuta, beste zazpi urtez egongo da agintean. Hori aski ez, eta duela bi urte Konstituzioan egindako aldaketei esker —erreferendumean bozkatu zutenen %95ek egin zuten legedia aldatzearen alde—, agintaldi hau amaituta bost urteko beste bi agintalditara aurkeztu ahal izango da estatuburua; alegia, 2034ra arte jarrai dezakeela boterean.
Bi izan dira haren aurka lehiatu direnak: Alderdi Berde Demokratikoko Frank Habineza eta Philippe Mpayimana independentea. Hirugarren hautagaia, Diane Shima Rwigara enpresari eta giza eskubideen aldeko ekintzailea, kanporatu egin zuen Hauteskunde Batzordeak. Gainontzeko zortzi alderdiek ez zuten hautagairik aurkeztu, edota Kagame babestu zuten. Estatuburuak garaipena ziurtzat jo zuen bozak egin aurretik ere, eta aitortu horiek "tramite hutsa" zirela. Haren aurkariek, berriz, hautesleak beldurtzea leporatu diote.
Agintean egon den bitartean Ruandako ekonomiak izandako gorakada eta osasunean eta hezkuntzan egindako inbertsioak ditu bere lorpen nagusiak. Ordea, oposizioak salatu du Kongoko Errepublika Demokratikoa arpilatzetik lortu duela Ruandaren aberastasunen zati bat.