Kairok Sinaiko setioa indartu du

«Ekintza terroristak amaitu arte» ez duela Sinaiko operazioa etengo adierazi du Egiptoko Gobernuak

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Talde armatu batek Al-Arixeko postu militar bateko polizien aurka egin du. Poliziek tiroka erantzun diete erasotzaileei, baina ez da bi aldeetako inor zauritu. Egipto eta Israelen mugako Sinai penintsulako hiriburua da Al-Arix, eta azken egunetan gatazkaren kokagunea bihurtu da. Izan ere, Egiptoko Gobernuak adierazi du ez duela herenegun Sinain abiatutako Arrano Operazioa etengo eremu horretako «ekintza terroristak amaitu arte».

Egiptoko armadak gerra hegazkinak eta artilleria astuna bidali ditu, besteak beste, Sinain dauden talde armatuak atzemateko, eta igandean, Rafaheko mugan, hamasei polizia hil zituzten erasotzaileak topatzeko. Anaia Musulmanek Mossad Israelgo zerbitzu sekretuak egin zituzten erasoaren erantzule. Egiptoko armadak, berriz, talde jihadista bati egotzi zion Sinaiko gertaera. Armadaren ustez, 35 bat lagunek parte hartu zuten, eta Israelera ihes egiten saiatu ziren gero. Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak esan zuen ustezko zortzi erasotzaile Israelgo mugan hil zituela armadak. Lapurtutako bi autotan muga pasatzera zihoazela, airez erasota hil zituzten. Herenegun, Sinaiko sei postu militarri eraso zieten talde armatuek.

Erasoaren ostean, Sinai eta Gaza lotzen dituzten tunelak ixteari ekin dio Kairok. Produktuen kontrabandoa eta alde batetik bestera isilpean igarotzea eragozteko hartu du neurria. Horrez gain, Egiptoko Gobernuak Hamasi eskatu dio Azedin al-Kasem brigadako hiru miliziano Egiptoren esku uzteko. Tunel bidez Sinaiko «talde islamistak kontrabandoko armez hornitzea» leporatuta eskatu du Kairok Hamaseko adar armatuko milizianoak emateko.

Gazak eskaera onartu du, baina milizianoek ez dute euren burua entregatzeko asmorik. «Torturak jasateko» beldurra dute, eta Gazan dauden Egiptoko zerbitzu sekretuek galdekatu ditzatela eskatu dute. Joan den hilaren amaieran bildu ziren Mohamed Mursi Egiptoko presidentea eta Ismail Haniyeh Gazako lehen ministroa, Kairon. Haniyehek, bilkura amaitu orduko, adierazi zuen Egiptok Gazako mugako Rafaheko sarbidea egunero hamabi orduz zabalduko zuela.

Eremu estrategikoa

Sinai 60.000 kilometro karratuko penintsula bat da, eta bertan bizi diren gehienak beduinoak dira. Horietako gutxiengo esanguratsu batek jatorri palestinarra du. Nortasun ezaugarri horrek Egipto osotik bereizten du, baina eremu estrategikoa ere bada, Egipto Ekialde Hurbilarekin, Israelekin eta Gazarekin lotzen baitu. 1967tik 1982ra, Israelek okupatu zuen, eta 1979an sinatu zuten bi herrialdeek bake hitzarmena. Israelekin bakea adostutako lehen herrialde arabiarra izanik, gainerakoek «traizioa» egotzi zioten, eta Arabiar Ligaren egoitza Kairotik Tunisiara aldatu zuten. Dena den, 1989tik Kairon da berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.