Kairoko Auzitegi Gorenak atzera bota du hilaren 13an Justizia Ministerioak onartutako dekretua, militarrei zibilak atxilotzeko eskumena ematen ziena. Giza eskubideen aldeko taldeek jarritako helegiteari erantzunez hartu du erabakia auzitegiak. «Terrorismoaren» kontrako borrokaren aitzakiapean 1981etik joan den maiatzaren 31ra arte Egipton indarrean egon zen Larrialdi Legea indargabetu ostean hartu zuen erabakia gobernuak. Segurtasuna Poliziaren esku ez eze militarren esku ere jarri nahi izan zuen, hain zuzen ere presidentetzarako hauteskundeak hasi baino hiru egun lehenago. Azkenean, ordea, baliogabetu egin du Justiziak.
Bestalde, Mohamed Mursi Egiptoko presidentea ordezkari polizialekin eta erlijiosoekin bildu zen atzo. Urtarrilaren 25eko Iraultzako zaurituekin ere bilera egin zuen, eta babesa eta justizia agindu zien. Hala ere, oraindik argitzeko dago zein eskumen izango dituen Mursik eta zein militarrek. Bi aldeek kontaktuak hasi dituzte egin beharreko bidea eta botere banaketa adosteko. Mursiren aholkulari Essamd Haddadek argi dauka: «Ez dugu onartuko botererik gabeko presidente bat. Esku artean darabilgun konponbidea da presidentearen botere murrizketak indargabetzea, Mursik agindutakoa bete ahal izateko».
Xafik, Egiptotik kanpo
Presidentegai galtzaileak, berriz, Egipto laga du. Ahmed Xafik Arabiar Emirerri Batuetara joan da, hegazkinez. Fiskaltzak bere kontrako ustelkeria salaketak baieztatu eta biharamunean egin du bidaia Xafikek: ihes egin duela diote iturri batzuek, eta oporretara joan dela beste batzuek.
Horrez gain, NDF Nazioarteko Diru Funtsak esan du Egipto «babesteko» prest dagoela. Otsailean, 2.600 milioi euroko mailegua eskatu zion Kairok, baina bozak igaro arte itxarotea erabaki zuen NDFk. Mursi presidentetzat aukeratu izana «aurrerapauso garrantzitsua da» NDFrentzat. Herrialdeak dituen «erronka ekonomiko handiei» aurre egiten laguntzeko prest agertu da.
Kairoko Gorenak atzera bota du militarrek zibilak atxilotzeko legea
Nazioarteko Diru Funtsa Egipto «babesteko» prest dago, erronka ekonomikoak gainditu ditzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu