Manifestarien eta Egiptoko Poliziaren arteko liskarrak itzuli egin dira Kairoko Tahrir plazara. Hainbat alderdi eta eragilek deituta, milaka lagun bildu ziren bertan ostiralean armadak gobernuaren gaineko kontrolik izan ez dezala eskatzeko, eta bertan kanpatuta igaro zuten gaua. Poliziak, baina, indarrez sartu, eta bertan zeuden 200 manifestari inguru bota zituen atzo goizean, negar gasa erabilita. Oposizioko alderdiek jakinarazi dutenez, gainera, «indarkeria» bortitzez aritu dira uneoro, eta ehunka pertsona zauritu dituzte. Kopuruak gora egiten jarrai dezake.
Iturri ofizialen arabera, bertan bildutakoek harriekin erantzun zieten poliziei, eta plazaren gaineko kontrola berreskuratu zuten arratsaldean, zenbait ordu bertatik kanpo egon ondoren. Sarbideak ixten ahalegindu ziren, eta protestekin jarraitzeko asmoa indartu dute. Tahrir plaza izan da, hain zuzen ere, Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohiaren aurkako matxinaden gune nagusia.
Herritarrak, kalera
Hain zuzen ere, Mubaraken erregimena amaitzeko iragan otsailean egin zuten bezala, Egiptoko herritarrak kalera atera dira berriro ere. Oraingoan, baina, kontseilu militarraren asmoei aurre egiteko; izan ere, azaroaren 28rako deitutako datozen hauteskundeei begira, militarrek ez diote botereari uko egin nahi, eta trantsizioko gobernuaren zaintzan jarraitzeko asmoa azaldu dute. Hori ziurtatzeko, Junta Militarrak Konstituzioaz gaindiko printzipio batzuk biltzen dituen testua onartu du —parlamentu berriak idatzi beharko du Egiptoko konstituzioa—, eta horiek ezinbestean errespetatu beharko ditu testu gorenak.
Erantzuna berehalakoan etorri da. Anaia Musulmanak alderdi islamistak, gainerako alderdien onespenarekin, protesta egiteko dei ozena egin du. Haiek nabarmendu dutenez, militarren printzipioek «diktadura indartzeko» eta «herriari soberania lapurtzeko» helburua dute. Anaia Musulmanak alderdiak du aukera gehien datozen hauteskundeetan emaitzarik hoberenak eskuratzeko. Ali al Selmy Egiptoko lehen ministrordeak, dena dela, argi utzi nahi izan du Konstituzioa idatziko duen batzordeak parlamentuaren onespena beharko duela. «Batzorde hori, halaber, talde anitzek osatuko dute, eta denek elkarrekin gauzatuko dute testua».
Baina militarrak dauden lekutik kentzea ez da lan erraza izango. 1952an monarkia amaitu zutenetik, Egiptoko armada estatukoboterearen oinarri sendoenetako bat izan da —ordutiko presidente guztiak, Mubarak barne, militarrak izan dira—. 60 urtean, beraz, abantailazko posizioa izan dute. Mubaraken aurkako matxinaden ostean demokratizazio prozesua abian jarri zenetik, baina, gizarteak agintea herritarrei pasatzeko eskaria egin du, nahiz eta orain arte ez duen arrakastarik lortu.
Kairoko Tahrir plaza hartu dute beste behin manifestariek
Otsailean Mubarak boteretik bota zuten garaiko itxura hartu dute armadaren aurkako protestek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu