Israel-Palestina

Kairon biltzea adostu dute Hamasek eta Tel Avivek

Datorren astearen hasieran ekingo diote negoziazio saioari. Su-etenaren etorkizuna eta Gaza berreraikitzeko lanak izango dituzte hizpide. NBEk uste du Israelek azken egunetan eginiko erasoak «gerra krimentzat» jo daitezkeela.

Palestinarrak suaren inguruan bilduta, suntsitutako etxeen ondoan. MOHAMMED SABER / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko maiatzaren 27a
12:50
Entzun

Egiptoren bitartekaritza lanak eman ditu fruituak, eta Israelgo Gobernuak eta Hamasek Kairon biltzea adostu dute, aurreko astean sinatutako su-etena egonkortzeko asmoz. Lehen bilera «datorren astearen hasieran» egingo dute, Israelgo Atzerri ministro Gabi Ashkenaziren esanetan, eta, besteak beste, Gaza berreraikitzeko lanak ere izango dituzte hizpide. Ashkenazi berak zuzenduko du Tel Aviven ordezkaritza. Hamasena, berriz, mugimenduaren buru politiko Ismail Haniyehk.

Oraindik ez dago argi bi buruzagiak aurrez aurre elkartuko ote diren edo banan-banan elkartuko diren bitartekari lanetan ari direnekin, Egiptoko, Jordaniako eta NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariekin. Halere, Israelgo hainbat hedabideren arabera, azken hori, «elkarrizketa ez zuzenena», izango da formatua.

Gaza berreraikitzeko diru laguntzak izan daitezke bileran tratatuko diren gaietako bat. Izan ere, Israelek, EB Europako Batasunak eta AEBek egin bezala, laguntzak Hamasen eskuetatik pasatu gabe iritsi beharra nabarmendu du. Erakunde hartako bozeramaile Abu Marzuken esanetan, ordea, hori ez da arazo izango: «Hamasek ez du inolako eragozpenik mugimenduaren esku hartzerik gabe nazioarteko erakundeek eta herrialdeek eginiko dohaintzak baimentzeko».

Eraso «neurrigabeak»

Egiptoren lanak bi aldeen arteko su-eten bat adostea bideratu zuen aurreko astean, Gazako herritarren aurkako 11 eguneko bonbardaketen ostean. Ordura arte, Israelek eginiko bonbardaketek gutxienez 253 palestinar hil zituzten Gazan, besteak beste, 67 haur. Horrez gain, 74.000 lagun inguruk beren etxetik ihes egin dute. NBEren Giza Eskubideen goi mandatari Michelle Bacheleten esanetan, «gerra krimentzat» har daitezkeen erasoak dira horiek, «indiskriminatuak eta neurrigabeak» izan direla frogatzen bada: «Ezbaian jartzen dute Israelek nazioarteko legediaren oinarrian dauden proportzionaltasun neurriak betetzen ote dituen». Besteak beste, Bacheletek salatu du ez dela frogatu bonbek suntsitutako ehunka eraikinak «helburu militarrekin» erabiltzen zirenik. Azpiegitura horien artean, ikastetxeak, osasun zentroak eta ospitaleak daude.

Hitz horiei erantzunez, Israelgo Gobernuak NBEri eskatu dio Hamasen ekintzak «gaitzesteko», argudiatuta kontrakoak zilegitasuna ematen diela «errugabeak ezkutu gisa erabiltzeko»: «Heriotza goratzen duen erakunde terrorista baten eta bizia aintzat hartzen duen demokrazia baten artean aukeratu behar da». Bacheletek ihardetsi du Hamasen erasoak ere «nazioarteko legediaren aurkakoak» direla, baina gehitu alde baten ekintzek ez dutela bestea «bere betebeharretatik aske uzten». Are gehiago, NBEren Giza Eskubideen goi mandatariak gogorarazi du palestinarrek ez dutela inolako babesik, eta Israelek Burdinezko kupula erabiltzen duela. Defentsa sistema horri esker, Al-Qassam brigadak —Hamasen adar armatua— eta Jihad Islamikoak jaurtitako suzirien %90 ez ziren beren helburura iritsi. Hala, bi talde horien erasoek hamabi lagun hil dituzte Israelgo lurretan.

NBEren Palestinarako kontalari Michael Lynkek ere azaldu du Gazako herritarren egoera «etsigarria» dela, Israelek eragindako «zigor kolektiboaren» aurrean. Ez da hor geratu, ordea, eta Jerusalem ekialdeko Xeikh Jarrah auzoko etxegabetzeak ere salatu ditu, «legez kanpoko kokaleku gehiago ezartzea helburu dutenak». Hala, Israelek Gazan eta Zisjordanian eginiko azken ekintzak Nazioarteko Zigor Auzitegian ikertu beharra nabarmendu du. Harekin bat egin du Bacheletek ere: «Arazoak oinarritik heldu eta okupazioari amaiera emango dion bake prozesu inklusibo bat behar da». 

Etxe Zuriaren ustez, baina, bi estaturen ezarpena helburu lukeen bake prozesua ez da lehentasuna. Anthony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Egiptoko eta Jordaniako estatuburuekin bildu da egunotan, eta, bake elkarrizketak «berehala» hastearen garrantzia azpimarratu dioten arren, indarrak Gaza berreraikitzeko prozesuan jartzearen aldeko hitzak egin ditu hark: «Palestinarrei esperantza emateko eta aukera berriak sortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.