Kalahari: ur gutxi eta malko ugari

Botswanako boskimanoen egoerak deus gutxi egin du hobera iaz Auzitegi Gorenak haien bizilekura itzultzea onartu zienetik. Gobernua itzulera eragozten ari zaiela salatu dute.

2007ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Iaz boskimanoek aldeko izan zuten ebazpenaren berri jakitean adierazitako poza -sufrimendu askoren ondorengoa-, haserre eta kezka bilakatu da azken 12 hilabeteetan. Izan ere, Botswanako Auzitegi Gorenak Kalahariko boskimanoek Gobernuaren aurka jarritako salaketa onartu eta haien eskubideak aitortu zituen 2006ko abenduaren 13an. Auzitegiak ebatzi zuen Gobernuak «legez kanpo eta Konstituzioaren aurka» kanporatu zituela boskimanoak, eta haien sorterrira itzuli ahal izango zirela. Halaber, boskimanoek Kalahari Erdiko Erreserban elkartzeko eta ehizan aritzeko eskubidea dutela nabarmentzen du ebazpenak.

Urtebete igaro da, epaiaren berri jakin ondoren, Kalahariko boskimanoen eledun Roy Sesanak bozkario hitzok ahoratu zituenetik: «Gaur guretzat, boskimanoentzat, egunik zoriontsuena da. Luzaroan negarrez aritu izan gara, baina gaur alaitasunez ari gara negarrez. Azkenean aske utzi gaituzte. Kanporatzeak oso-oso mingarriak izan dira nire herriarentzat. Espero dut orain gure etxera joatea izango dugula».

Haatik, alaitasunezko negarrak gutxi iraun zien, eta berriro gailendu zitzaien tristurazkoa.

2002an egotzi zituen Gobernuak boskimanoak -San Herria ere esaten zaie- beren ohiko bizilekuetako batetik, Kalahari Erdiko Erreserbatik. Behin-behineko kanpalekuetan egokitu zituen gero. Urte hartako apirilean 200 bat boskimanok Gobernuaren kontrako salaketa jarri zuten.

Afrikako herririk zaharrena da San Herria (boskimanoak), eta Kalahariko desertua eta gainerako eremuak izan dira bizileku 20.000 urtean. Garai batean boskimanoen populazioa hainbat milioitakoa zen; gaur egun, berriz, ehun mila inguru dira soilik. Honela zabalduta daude egun: 48.000 inguru Botswanan eta gainerakoak Angola, Hegoafrika, Namibia, Zambia eta Zimbawen.



IAZKO EPAIAREN HERRENAK. Iazko epaiak, halarik ere, kontuan izateko oharkizuna zekarren, eta horretaz baliatu da Gobernua boskimanoei laguntzak ukatzeko. Izan ere, epaiak zioen Gobernua ez zegoela behartuta boskimanoei Kalahari Erdiko Erreserban zerbitzuak eta hornidura eskaintzera. Lurrazalean ura eskasa da, baina boskimanoen abokatuek nabarmendu dute lur azpian ur asko dagoela, boskimanoak ederki hornitzeko nahikoa eta sobera.

Ura eta ehiza dira boskimanoen beharrik gorrienak, Kalaharin biziraungo badute. Hain zuzen ere, ebazpena kaleratu zuten hiru epaileetako batek, Phumaphi jaunak, iaz nabarmendu zuen boskimanoei ehizan aritzea eragoztearekin «haiek gosez hiltzera zigortzearen pare jokatzen» ari zela Gobernua.

Horrek argudiatu izan du gaur egun Kalahari dagoeneko ez dela boskimanoen lurraldea, «beren bizimodua aldatu dutelako».

Atzo, ebazpenetik urtebetera, Survival International herri indigenen giza eskubideen aldeko erakundeak, Steven Corry zuzendariaren ahotik, epaia indarrean jartzeko deia egin zion Botswanako Gobernuari, gainerako gobernuak ere aintzat izanda: «Ebazpena denek txalotu zuten, bai Botswanan bai mundu osoan. Epai zuzen eta ausartzat jo zuten, Afrikan indigenen eskubideen panorama betiko alda zezakeena. Oraindik mantentzen du esanahi hori».

Alta bada, Gobernuko iturriek Survivalen salaketa batzuk ukatu dituzte, boskimanoei erreserbara itzultzea eragozten ari zaiela esatea «informazio oker eta faltsuan oinarritua» dela argudiatuta. «Egundaino 189 familiari -itzultzeko zerrendan zeudenetatik- ahalbidetu zaie itzulera», azaldu du Gobernuko ordezkari Motlhagodi Molomok.

Horri erantzunda, boskimanoen abokatuek nabarmendu dute aldeko ebazpena edukita ere Gobernuak erreserban «legez kanpo egongo balira bezala» tratatzen dituela. «Gainera, erreserbara itzuli ahal izateko zerrendak egin zituztenean, 400 bat boskimanok ez zuten beren izena emateko aukerarik izan, eta Gobernuak haien eskubideak bermatzeari uko egiten dio».



gordon Bennett Botswanako boskimanoen abokatua

«Gobernuak bortxaz gizarteratu nahi ditu boskimanoak, haien betiko bizilekutik kanpo»



j.m.s.

Gordon Bennett abokatuak Botswanako Kalahari Erdialdeko Erreserbatik kanporatutako boskimanoak defendatzen ditu. Auzitegi Gorenak haiek beren bizilekura itzultzea ahalbidetu zuenetik urtebetera Gobernuak jarritako oztopoak salatu ditu abokatuak.

Kalahariko boskimanoen eskubideen aldeko ebazpena pozik hartu zenuten duela urtebete justu, baina Gobernuak ebazpen hori osorik ez duela bete eta eragozpenak jartzen ari dela diozue.

Printzipioz behin-behinean egokitzeko Gobernuak eraikitako kanpamenduetan boskimanoek duten egoera aski txarra da. Etxera itzultzeko antsietatearekin daude asko. Gehienak itzuli ez izanaren arrazoi nagusia hauxe da: ura. Kalahariko erreserba barruan ez dute ur hornidura nahikoa, bereziki zaharrak eta umeak zaintzeko. Auzitegi Gorenaren ebazpenak zioen erreserba azpian dagoen ura -ur asko dago- lortzeko moduaerraztu behar zitzaiela, baina horretan Gobernuari eginiko eskaerak ez du erantzunik jaso. Horrenbestez, zalantzan jartzen dugu Gobernuaren borondatea.

Zer arrazoi politiko daude Gobernuak boskimanoei itzulera eragozteko?

Zaila da zehaztea, Gobernuak ez baitu konbentzitzeko moduko arrazoirik azaldu. Baina urte askoan tinko aritu izan da, jendea erreserbatik aterarazten. Gobernuak horretarako emandako arrazoia zera da, boskimanoak Botswanan gizarteratu nahi dituela. Guk, aldiz, zera esaten dugu: ondo da, gizartean benetan sartu nahi badute, egingo dute, beren momentu eta erritmoan. Baina Gobernuak bortxaz gizarteratu nahi ditu boskimanoak, beren betiko bizilekutik kanpo. Horiek ohiko bizimoduarekin segitu nahi dute. Ulertu behar da boskimano askok Kalahari Erdialdeko Erreserbarekin duten lotura oso-oso sakona dela; asko fisikoki gaixotu egiten dira etxean ez badaude. Gobernuak ez du hori onartu nahi.

Aurten gutxienez 53 boskimano atxilotu dituzte erreserban ehizatzeagatik, eta tortura salaketak izan dira. Zertan dira kontu horiek?

Atxiloketena egia da, torturena auzitegian zehaztu beharko da egia den edo ez. Dena den, neronek ere halako salaketak bideratu ditut. Nolanahi ere, Gobernuak erabat urratu du Auzitegi Gorenaren ebazpena, hark erreserban ehizean segitzea baimentzen baitzien boskimanoei. Gobernuak baimenak ukatuta, jendeak, bizi ahal izateko, ezkutuan egiten du ehizan, eta hori kaltegarriagoa da oreka ekologikorako. Gobernuak baimen sistema egokia ezarri beharko luke, ez hura ukatu.

De Beers diamante meatzaritza konpainiaren lanak nola eragiten dio erreserbako boskimanoen bizitzari?

Ebazpenak ez zien horretan aritzea galarazi, baina oraindik ez dira meatze lanetan hasi. Urteberri egunerako-edo aurreikusita dago lanerako baimena izango dutela. Kezka handia dute boskimanoek, erreserban 400 metroko sakonera duen meategia egiteko asmoa duelako. Horrek makineria handia, errepideak, kamioi handiak, etengabeko argiketa, zarata, kutsadura... eragingo ditu, eta boskimanoen bizitzari kalte egingo dio. Gainera, inguru horietan boskimanoen hilobi sakratu batzuk daude, eta beldur gara meatzaritza lan erraldoi horretan zehar meatzariek ez ote dituzten hilobi horiek profanatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.