Ikusteko dago igandeko presidentetzarako hauteskundeak nork irabaziko dituen, Hugo Chavez presidenteak edo oposizio bateratuko hautagai Henrique Caprilesek; azken emaitza estuagoa izan litekeelako inkesta batzuek iragartzen dutena baino.
Caracasko kaleetan ibilaldia eginda, ematen du hautagai bakarreko hauteskundeak direla. Chavezen aldeko ekitaldi txikiak baino ikusten ez direlako. Beste hautagaiaren arrastorik ez dago zentroko kale nagusietan, farola batzuetan zintzilik egon litezkeen Caprilesen txartelak salbu.
Itxura guztiaren arabera, txartel horiek jartzeko ekimena ofiziala da, ia beti bi txartelak ageri direlako bata bestearen gainean kaleko argindar posteei itsatsita; Chavezena eta Caprilesena. Chavezena beti goian, Caprilesena beti behean. Boxeoan bezala, batek munduko txapelketa defenditzen du, eta bestea irabazteko hautagaia da.
Txartel horiek kenduta, hutsaren parekoa da Caprilesen presentzia Caracasko kale nagusietan, ez presentzia estatikorik eta ez dinamikorik. Caracas Chavez zalea da hauteskunde orokorretan, baina ez da ahaztu behar alkatea Caprilesen koalizioko kidea dela.
Oso bestelakoa da presidentearen aldekoen jarduna; etengabekoa, imajina litezkeen formatu guztietan. Karpa gorriak deitutakoak dira ugarienak. Estaldura chavismoaren kolore korporatiboarekin, gorriarekin, eta barruan aulkiak. Ez dira handiak, baina nonahi topa litezke.
Parque Centraleko metroko irteeran, goizeko seietan hasten dira, eta ez dute bukatzen gaueko zazpiak arte; etengabeko jardunean. Batzuk orokorrak dira, militanteek antolatutakoak; beste batzuk, berriz, sektorialak. Batean, Chavezen aldeko emakumeen mugimenduaren asmo eta ekintzen berri ematen dute; bestean, aldizkari politikoa aurkezten dute; hurrengoan, botoa Chavezen alde eskatu duen alderdi baten zabalkundea egiten dute. Horrela, gazteak, langileak, alderdietako kideak...
Karparen barruan mintzaldiak eta bideo emankizunak, denak hauteskunde giroan. Kanpoan, eskuorrien eta aldizkarien banaketa, hauteskunde produktuen salmenta... eta musika, beti musika. Kanta gehienak hauteskunde mezuekin konposatutakoak: «Chavez komandantea», «Chavez herriaren bihotza»...Karpa gorri horietako bat oinezkoentzako etorbide komertzialean dago, pasealekuaren erdi-erdian, eta hamar metroko luzera daukan giza puzgarria erakusten dute, Chavez figura erraldoiarekin.
Egunerokoaren dantza
Presidentearen politika sozialen erakusgarri, street dance erakustaldia antolatu zuten astearte iluntzean erdiko kale batean, beti ere karpa gorri handi baten pean. Bazter auzoetako gazteak dantzaren eta kulturaren bidez bizitza arruntean nola txertatu erakusteko baliatu zuten emanaldia, etengabekoa izan baitzen dantza eta dantza tartean egindako lan sozial horren goraipamena. «Gogoan eduki, urriaren 7an eman botoa Chavezen alde, gure gazteek bazterkeriarik paira ez dezaten», esanez eman zion bukaera ekitaldiari aurkezleak. Caprilesen arrastorik ez kaleetan, gehienez boluntario eskas batzuk karpa gorritik metro batzuetara eskuorriak banatzen, merkataritza gune baten atarian.
Gaur du Chavezek kanpainaren egun handia. Festa mitina egingo du oso berea den zelaian, Simon Bolivar etorbide zabalean. Duela 14 urte, politikara bide estandarretik jauzi egin zuen lehen aldian, —urte batzuk lehenago huts egin zuen, estatu kolpe baten bidez egin nahi izan baitzuen jauzi politikara—, etorbide horretan egindako ekitaldiak ikono bihurtu ziren herritarren artean zeukan harrera erakusteko orduan. Zelai horretan jokatzen duen bakarra ez dela erakusteko, leku berean egin zuen igandean Caprilesek mitina, bide batez erronka eginez Chavezi. Jendetza ikaragarria bilduko duen dudarik ez dago, presidentearen hiztegi politikoan ekitaldi eta betekada sinonimo direlako.
Hauteskundeak igandean diren arren, gaur da azken kanpaina eguna. Venezuelan, bihar ostirala eta etzi larunbata gogoeta egunak dira, ez herritarrek botoa nori eman erabakitzeko beste herrietan baino egun bat gehiago behar dutelako, baizik eta animoak epeltzeko, egon litezkeen beroaldi politikoak baretzeko.
Bide horretan, lege lehorra ezarriko dute gaurko iluntzetik aurrera; ezin izango da, hortaz, alkoholik saldu.
Kalea Hugo Chavezena da
Caracasko kaleetan, Venezuelako hauteskundeak hautagai bakarrarenak direla dirudi; gaur Simon Bolivar etorbidean mitin festa erraldoia eginez amaituko du presidenteak kanpaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu