Herri eta hirien arkitektura aldatzen ari da denboraren poderioz. Esaterako, kutsaduraren aurka borrokan, autoentzako bideak mugatu eta espaloiak zabaldu dira, eta ohikoagoak dira bizikletentzako bidegorriak, baita zuhaitzak, zuhaixkak eta loreak bide ertzetan. Aldaketa horiekin batera, ordea, izan da beste bat ere, ez hain gustagarria; ez, behintzat, bizitzeko aterperik ez dutenentzat. "Etsai arkitektura" da. Etxegabe kopuruak gora egitearekin batera, gora egin du joera horrek ere. Kalean bizi denari etzateko edo esertzeko aukera galaraztea du helburu. Finean, aterperik ez dutenek ez dezatela lo egin leku horretan. Ez da berria, baina sare sozialek lehen lerrora ekarri dute gaia.
Zutoinak, burdinak, harriak, lurraren forma malkartsuak... guztiak ere beharrezkoak ez diren elementuak. "Diseinu armak", halako oztopoen hedapena salatzen dutenen arabera. Nabarmen zabaldu dira halakoak, kalean lo egin beharrean dauden herritarrak urrunarazi nahian. Ez da, ordea, ekimen pribatuen edo norbanakoen gauza bakarrik. Ez dira banketxeen, etxebizitza blokeen eta denden aurrean bakarrik ikus daitezkeen trabak. Udalek ere esku hartu dute.
Londresko zubi azpietan harri puntadunak jarri dituzte, gauez itxi egiten diren bankuak Volgodonsken (Errusia), hodi formakoak Tokion; Montrealen (Kanada), bankuak kendu eta banakako aulkiak jarri dituzte... Bostonen (AEBak), zuzenean, etxegabeen aurkako arantzak ezarri zituzten zubi azpietan: herritarren protestei esker, kendu egin behar izan zituzten. Horiek guztiak eta gehiago bildu ditu Chad Loder estatubatuarrak Twitterreko hari batean. Mundu osoko irudiekin erantzun du jendeak: Rio de Janeiro, Buenos Aires, Madril, Paris, Akkra, Sydney...
"Anti-homeless" hostile architecture, a thread.
— Chad Loder (@chadloder) December 28, 2019
Toronto. These devices (left) keep homeless people from sleeping on the grates to avoid freezing to death (right). pic.twitter.com/3oxWOLRHJn
Eztabaida, ordea, ez da berria. Esaterako, Bilbon, Udalberri koalizioak halako arkitektura mota desagertzea proposatu zuen. Orduko hartan, pertsona bakarra esertzeko moduko bankuak, zintarrietan jarritako arantzak eta lekuak ixteko hesiak aipatu zituzten etxegabeen aurkako tresna gisa.
Hona hemen Chad Loderri jendeak bidalitako irudietako batzuk (Calgary, Kanada; Londres eta Tokio, hurrenez hurren):