Libiako Gobernuak onartu du 1986an Berlingo La Belle diskotekan jazotako atentatuak eragindakoei 35 miloi dolarreko kalte-ordainak ematea. Hala adierazi zuen atzo Berlinen Said Abdulaati Libiako enbaxadoreak.
Negoziaketa luzeen ostean, Gadafi Fundazioa eta biktimen abokatu alemaniarrak akordio batera iritsi dira, atentatuen 160 inguru biktimari kalteak ordaintzeko. La Belleko atentatuan zaurituei eta hildako baten senitartekoei emango zaie hitzartutako diru kopurua. Akordioa ez dute oraingoz biktimen abokatuek ezta Berlinek ere berretsi.Berlingo auzitegi batek 2001ean epaitu zuenez, Mendebaldeko Berlinen zegoen diskotekaren aurkako atentatua Libiako zerbitzu sekretuek gauzatu zuten Ekialdeko Berlinen zegoen Libiako enbaxadaren laguntzaz. Lau pertsona kartzelaratu zituzten joan den hilean auzitegi federal batek berretsi duen epaiaren ondorioz. Atentatuen ustezko egileak kartzela zigorra luzeak betetzera kondenatu zituen Berlingo auzitegiak, Libiako zerbitzu sekretuen egiletza frogatutzat ematean.
La Belle diskotekara soldadu estatubatuarrak joaten ziren maiz. Atentatuaren ondorioz, horietako bi hil egin ziren. Guztira hiru izan ziren hildakoak, bi soldadu estatubatuarrez gain bertan lan egiten zuen Turkiako emakume bat ere hil baitzen.Azken honek bakarrik jasoko ditu, ordea, Gadafi Fundazioak emango dituen kalte-ordainak, akordioak ez baitie hildako soldaduen sendiei eragiten. Hiru hildakoez gain, atentatuan 230 lagun inguru zauritu ziren, eta horietatik 160 biktimak jasoko dituzte kalte ordainak.AEBetako Gobernuak atentatuak gertatu bezain laster argi ikusi zuen «Libiako zerbitzu sekretuen egiletza», eta erantzun bezala Tripoli eta Bengasi hiriak bonbardatu zituen atentatuak gertatu eta gutxira. AEBetakopresidente zen Ronald Reaganek bonbardaketak justifikatu zituen esanez «ezin dela zokorik utzi terroristak ezkuta daitezen».Libiak beti ukatu izan du bere erruduntasuna, baina azken aldian kalte-ordainak emateko nahia azaldu du, «borondate oneko keinu» bezala. Aurtengo apirilaren 27an Gadafik Nazioarteko Komunitatera sartzeko asmoz Europako Batasunarekin elkarlan sendoagoa eskatu zuenean, Alemaniako Gobernuak erantzun zion esanez lehenago La Belleko kaltetuei ordaindu behar ziela.Bela Anda Alemaniako Gobernuko bozeramaileak esan duenez, ordainketak Libiarekiko harremanak sendo ditzake.
Kalte-ordainak emango ditu Tripolik Berlingo atentatuagatik
'La Belle' diskotekan 1986an izaniko eztandak 160 biktima eragin zituen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu