Kamerungo Gobernua oposizioari gogor jazartzen zaiola salatu du AIk

Disidenteak epaiz kanpo hiltzen eta atxilotuak sistematikoki torturatzen ditu Poliziak

Erredakzioa
2009ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Kamerungo Gobernuak egindako gehiegikerien zerrenda argitaratu du Amnesty Internationalek, giza eskubideen erakundeak. Epaiz kanpoko hilketekin eta atxilotuak torturatuz oposizio zibila isilaraztea leporatu dio Pail Biya Kamerungo presidentearen gobernuari. Ekonomia krisia handitu ahala, gainera, Gobernuarekin kontent ez dauden herritarrek kalera egingo dutela uste du AIk. Orduan segurtasun indarrek jazarpena indartuko duten beldur da erakundea.

«Kamerunen oposizio politikoa egitea ez dago onartuta», adierazi du Tawanda Hondora AIko Afrikarako ordezkariak. «Kritika oro isilarazteko indarrean den sistemak paretik kentzen ditu disidenteak, indarrez». Paul Biya 1982tik da Kamerungo presidente. Karguari irmo eutsi dio; hainbatetan armak hartu behar izan ditu, eta hauteskunde iruzurra egitea ere leporatu diote. Iragan apirilean Konstituzioa erreformatu zuen Parlamentuak; eta horri esker,Biyaren agintaldia luzatzeko aukera zabaldu zuten. Hirugarren aldiz aurkeztu ahalko da presidentea bozetara. Hauteskundeak irabaziko balitu, beste zazpi urtez egongo da presidentetzan.

Hauteskundeetan, indarkeria

Hauteskundeetan Biya gailentzeko eskura duen guztia egingo du Gobernuak. Hala, AI beldur da segurtasun indarrak gogortzearekin bat, oposizioaren aurkako jazarpena indartuko duten. Iazko otsailean lehengaien kostuak nabarmen igo zirela salatzeko kaleak hartu zituzten herritarrek. Poliziak neurriz kanpo erantzun zuen, eta ehun bat lagun hil zituen. «Hainbat lekukoren arabera, segurtasun indarrek haiek atxilotzen saiatu ere egin gabe tirokatu zituen».

Torturen salaketa andana ere jaso ditu AIk Kamerunen. Afuh Weriwok bizitakoa adibide bat baino ez da. Bizikleta bat lapurtu zuela aitortu ez zuelako, 2004an bortizki torturatu zuten. «Kerosenoa edatera derrigortu zuten. Gero haren gorpua substantzia harekin blaitu zuten eta su eman zioten. Erre egin zuten, eskuak lotuta zituela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.