Dozenaka denda kalamua saltzen hasiko dira gaurtik aurrera Kanadan, herrialdeko osasun agintarien kontrolpean. Probintziaren arabera, 18 edo 19 urtetik gorakoek izango dute marihuana erosteko aukera, eta gobernuak gramo bakoitza 6,7 euro inguruan saltzea proposatu du, merkatu beltzari lehia egiteko. Salneurriak aldaketak izango ditu merkatu beltzaren joeren arabera. Azken prezioak %23 eta %25 arteko zergak hartuko ditu.
Legezko kalamuaren salneurria merkatu beltzekoa baino %25 inguru garestiagoa izatea aurreikusi arren, Kanadako Gobernuak espero du kontsumitzaileek saltoki baimenduetara joko dutela. Izan ere, saltoki ofizialetako kalamuak hainbat berme beteko dituela adierazi du gobernuak. Horien artean, THC elementu psikoaktiboaren maila jakin bat.
Kalamua saltzen hasi aurretik, Kanadako Gobernuaren baimena jaso duten enpresak ahalik eta kalamu kopuru handiena ekoizteko lanean aritu dira azken asteetan. Hala ere, hasierako eskaria eskaitza baino handiagoa izango den beldur dira Kanadako zenbait eskualdetan.
Indultuak
Kanadako hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, Justin Trudeauren gobernuak indultua emango die kalamua edukitzeagatik zigor judizialen bat jarri dietenei, baldin eta atzeman dieten kalamu kantitatea 30 gramotik beherakoa baldin bada. Zigor horien ondorioetako bat da zigortuek AEBetara bidaiatzeko debekua izan dezaketela.