Kanadako Gobernua erori da, oposizioak kontserbadoreen kontrako mozioa onartuta

Stephen Harper lehen ministroak hainbat dokumentu diputatuen eskura jarri ez izanak eragin du krisi politikoa

Erredakzioa
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Stephen Harper kontserbadorearen gobernua erori da Kanadan. Alderdi Liberalak lehen ministroaren kontra aurkeztutako zentsura mozioa onartu du oposizioak Parlamentuan. Bloc Quebecois eta Alderdi Demokratiko Berria alderdiek babestu dute historikotzat jo duten neurria; mozioak aldeko 156 boto eta kontrako 145 jaso ditu. Alderdi Kontserbadorea, beraz, agintea eskuratu eta hemeretzi hilabetera utzi beharko du boterea; azken bozetan 143 ordezkari eskuratu zituen, eta 11 diputaturengatik ez zuen gehiengo osoa lortu.

Stepehn Harperrek Parlamentuaren esku hainbat dokumentu jarri ez izanak eragin du krisi politikoa. Hainbat lege proiekturen kostuen harira argibideak eskatu zizkioten diputatuek, baina horrek datuak emateari uko egin zion. Parlamentuko batzorde batek diputatuekiko begirunerik ezaz aritzea leporatu zion astelehenean Harperri. Aurrekontuak Kontrolatzeko Bulegoak berak ere ebatzi zuen lehen ministroak aurkeztutako datuak ez zirela sinesgarriak. Presondegien erreformara eta gerra hegazkinak erostera bideratutako dirua eragin zituen kezkak oposizioko kideen artean. Gobernuak F-35 ereduko 65 hegazkin erosi zituen eta lehen ministroak iragarri zuen 17.000 milioi dolar gastatu zituela. Batzordeak, baina, benetako kostua 30.000 milioikoa izan zela ondorioztatu zuen.

Parlamentuari begirunerik ez izatea, eta sistema demokratikoa bera errespetatu ez izana leporatu dio oposizioak Harperri. Lehen ministroa «etsita» agertu zen bozketaren ostean, eta hauteskundeak egiteko une txarra dela adierazi zuen. Hainbat informazio iturrik aurreratu dutenez, baina, maiatzeko lehen astean egingo dituzte bozak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.