MUNDUA

Kanpalekuak husteko deia egin die Barne Ministerioak Mursiren aldekoei

Rabea al-Adauiya eta Al-Nahda plazetan daude antolatuta kargugabetutako presidentearen jarraitzaileak.

2013ko abuztuaren 1a
17:59
Entzun

Kanpalekuetatik alde egiteko eskatu die Egiptoko Barne Ministerioak Mohamed Mursi kargugabetutako presidentearen aldeko jarraitzaileei. Telebista kate batean egindako adierazpenetan, Hani Abdelatif barne ministroak baieztatu du deialdiari "kasu egiten dion pertsona ororen irteera segurua" izango dela eta ministerioaren "babes osoa" izango dutela. Rabea al-Adauiya eta Al-Nahda plazetan dauzkate antolatuta kanpalekuak Mursiren aldekoek.

Anaia Musulmanek ia hilabete daramate plaza horietan kanpaldia egiten, eta protestan jarraituko dutela baieztatu dute, Mohamed Mursik berriro ere presidente kargua hartu artean. Anaia Musulmanek kanpalekuen aurka egiteko agindua "terrorista" dela. Al Nour Yunes alderdi salafistako goi kargudun batek esan du biztanleen "eskubide zibilak eta giza eskubideak urratu gabe" aurre egin behar diola gobernuak egoerari. 

Amnesty Internationalek ohartarazi du Egiptoko agintarientzat "segurtasun nazionalarentzat mehatxua" diren kanpaleku horiek disolbatzeak "gehiegikeria gehiago eta odol isurtzea" eragin ditzakeela. "Agintari zein segurtasun indarrek, hain zuzen ere, indarkeria erabiltzea saihestu behar dute, eta nazioarteko estandarrei jarraiki, pertsuasio, negoziazio eta bitartekotasun teknikak erabili behar dituzte", adierazi du AIk.

Azken asteetan Mursiren jarraitzaileek ere bortxa erabili dutela baieztatu du AIk, baina "manifestari batzuen jarrerak" ez duela gainontzekoen manifestazio baketsuak egiteko eskubidea oztopatzeko aitzakia izan behar adierazi du. "Giza eskubide bat da, Egiptoko agintariek errespetatu behar dutena, eta edozein bilera sakabanatzeko erabakia azken baliabide gisa hartu behar da".
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.