Uholdeak Tindufen

Kanpalekuetako giza krisia areagotzea eragin dute uholdeek

Bost egun iraun dute euriteek, eta, ondorioz, 2.550 jaima eta adobezko etxe erori dira aurreneko balantzearen arabera. 

Kristina Berasain Tristan.
2015eko urriaren 23a
17:23
Entzun

Auserd eta Dakhla dira kanpaleku kaltetuenak. Familia askok nazioarteko giza laguntzaren bidez jasotako elikagaiak galdu dituzte, azukrea eta irina tartean, eta premia larrian direla salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek. Iragarpenen arabera, datozen egunotan ere euria egingo du. Brahim Motjar SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Kooperazio ministroak laguntza eskatu dio nazioarteari.

Hilaren 17an hasi zen euria egiten errefuxiatuen kanpalekuetan, Tindufen (Aljeria). Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenean hara alde egin zuten milaka sahararrek, basamortu idorrera, eta han daramatzate errefuxiatuta 40 urte. Esan dute urteotan ez dutela egun hauetako bezalako euriterik ezagutu. Familia asko eta asko etxerik eta jaimarik gabe geratu dira. Adobezko etxeak erraz hondatzen dira euriarekin, eta jaimen belakia ere usteldu egiten da. Egoera horren aurrean babestu ahal izateko jaimak egiteari ekin diote auzolanean, eta eremu altuagoetan jarri.

Ilargi Gorriak kalteak zenbatekoak izan diren neurtzeko premiazko batzorde bat eratu du kanpalekuetan lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeekin batera. Fronte Polisarioak ohartarazi du eraikin publikoak ere suntsitu direla eta eskolak igandera arte itxita egongo direla. Giza krisia areagotzea eragin dute uholdeek. Brahim Mojtar Kooperazio ministroak jakinarazi du %20 murriztu dela elikagaien saskia, eta lehen ere egoera larrian zeuden familiek zailtasun gehiago izango dituztela aurrerantzean. Aljeriako kanpalekuetan 165.000 saharar inguru bizi dira.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.