Aaiungo kanpalekuan daudenekin etengabeko harremanean dago El Mami Amar Salem, Codesa Mendebaldeko Saharako Giza Eskubideen Taldeko presidenteordea. Gaur egun, Torturaren Aurkako SaharakoErakundeko presidente ere bada.
Zein da Aaiungo kanpalekuko egoera momentu honetan?
Militarrez inguratuta dago kanpalekua. Eta egoerak ez du hobera egin Elgarhi Naiem gaztea hil zutenetik. Erasoan beste bost lagun ere zauritu zituzten, baina haien berririk ez dugu, zaurituak hartu dituen ospitalea ere militarrez josia baitago. Kanpaleku inguruan, berriz, hareazko harresi bat eraiki dute, altueran batez beste metro bat eta biren artean dituena. Sartu-irtenerako toki bakar bat utzi dute libre; haatik, Rabatetik heltzen zaizkien aginduen arabera zabaltzen edo ixten dute. Hiru bat mila soldaduk zaintzen dituzte inguruak; eta, esan digutenez, militarren konboiak ikusi dituzte Aaiunera bidean. Hurrengo egunak oso gogorrak izango dira kanpalekuko bizilagunentzat. Hori dela eta, aukera baliatu nahi dut jendeari pertsona horien alde egin dezan eskatzeko, ez baitut uste bidean dauden militarrak musuak oparitzera datozenik.
Marokoren esku-hartze militarraren beldur zaudete?
Mendebaldeko Sahara oso lurralde arriskutsua bihurtu da; zer esanik ez Aaiun eta kanpaleku inguruak. Marokok sahararren aurkako sarraskirik egin ez dezan ahalegindu behar dugu. Urrutira joan gabe, izan ere, atzobertan kamioi militar batek sahararrak zeramatzan autobus bat jo zuen; eta ibilgailuan herritarrak soilik zihoazen!
Egoerak egunetik egunera okerrera eginda ere, kanpalekuan jarraitzeko asmoa agertu duzue. Noiz arte?
Ez duzu ahaztu behar sahararrena herri nomada dela, eta erresistentziari dagokionez aski esperientzia duena, gainera. Horren adibide argiena dituzu iheslari sahararren kanpalekuak. 1975eko urriaren 31n, inbasioaren lehen egunean, ez genekien askorik exodoaz, iheslari guneez. Baina egin kontu Tindufko iheslari guneak sortu zirenetik 35 urte baino gehiago igaro direla. Aaiungo kanpalekuan ez dugu hamabost bat egun besterik egin, eta ez dugu etsiko harik eta gure eskubideen jabe egiten garen arte. Ez dago kanpalekua desegiteko egunik.
Ba al du aldarrikapen politikorik ekimen honek? Edo kanpalekuaren lema soilik eskubide sozialei dagokiena da?
Ekimen honen bitartez, Marokok gure natur baliabideak lapurtzen dituela salatu nahi dugu. Lurralde okupatuetan sahararrak pobre bizi direla erakutsi nahi dugu. Gureak diren baliabideak kolonoek ustiatzen dituzte; haientzat izaten dira sahararrenak beharko luketen fruituak. Herri sahararrak aski dela esan nahi du. Eta egia da oraingoan eskubide sozialen alde ari garela borrokan; baina edozein momentutan borroka hori eskubide politikoen aldekoa bihur daiteke. Adibidez, erabaki eskubidearen aldekoa.
Giza eskubideen aldeko ekintzaileak zein egoeratan ari zarete lanean?
Giza eskubideen alde egiteagatik lau alditan torturatu naute, baita lurralde okupatuetatik kanporatu ere. Marokok kontrolpean duen Mendebaldeko Saharan ekintzaile gisa lan egitea oso zaila da. Poliziak kontrolpean gaitu une oro. Hala ere, herriarengandik jasotzen dugun sostenguari esker, aurrera egiten dugu. Izan ere, ekintzaileek egiten duten lana oso garrantzitsua da, isiltasunaren harresia gainditzeko bereziki. Lurralde okupatuetako bozeramaile lanak egiten ditugun apurrak gara.
Datorren astean ekingo diote berriro sei ekintzaile sahararren aurkako epaiketari...
Auzipetuetako hiru, Brahim Dahan, Ali Salem Tamek eta Hamadi Nasiri, Casablancako espetxean daude preso. Orain arte Saleko kartzelan eduki dituzte. Inkomunikatuta daude, eta ez dute preso politiko moduan dagozkien eskubideetako bat bera ere. Dena dela, Marokoren aurkako nazioarteko presioa areagotu egin da kanpalekuaren harira, eta, horregatik, gauzak ondo ateratzea espero dut.
Datorren astean hasiko dituzte, era berean, Marokok eta Fronte Polisarioak elkarrizketak...
Gure herriak irtenbide baketsua eman nahi dio auzi sahararrari, betiere autodeterminazio eskubidea errespetatuz. Christopher Ross NBEko ordezkaria, ordea, kezkatuta dago Marokok duen jarrerarekin. Nazioarteak beti estutu ditu bi aldeak. Hala ere, badirudi oraingoan Marokoren aldean arreta handiagoa jarri dutela. Eta horregatik, badut esperantza, Rossek Mendebaldeko Sahara azken aldiz bisitatu zuenetik batez ere.
«Kanpalekuko borroka eskubide politikoen aldekoa bihur daiteke»
Marokok presioa areagotu duela eta, Aaiungo kanpalekuko bizilagunentzat hurrengo egunak oso gogorrak izango direla uste du giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu