Ez dira ameslari txoroak. Ez dira ezjakinak, ezta tentelak ere. Jakin badakite (batzuek) Europa ez dela paradisua eta han ere badirela oztopo eta zailtasunak. Baina, arazoak arazo, argi dute ez direla inoiz izango egun dituztenak baino okerragoak. Ukrainako kaleetan haize hotza baitabil, Errusiako hiriburutik zuzen-zuzen etorria.
"Guk ez diogu inori ezer inposatzen. Gure nazioarteko proiektua berdintasunean eta interes ekonomikoetan dago oinarritua", esan du Vladimir Putin Errusiako presidenteak aste honetan bertan. KGBko buru ohiak inposizioa eta berdintasuna ulertzeko modu berezia du, ordea. Moldaviak Europako Batasunarekin elkartzeko akordioa sinatuko zuela iragarri zuenean, esaterako, hango ardo inportazioa debekatu zuen, "osasunerako kaltegarria" zela argudiatuz. Berdin egin zuen Ukrainako produktuekin ere, hura Bruselarekin hitzarmena sinatzea aztertzen hasi zenean. "Putinek argi utzi du Sobietar Batasunaren desagertzea izan dela XX. mendeko hondamendi geopolitiko handiena. Ez dakit benetan hala pentsatzen duen, baina ziur egon gaitezke ez zukeela halakorik esango ideia horrek sostengurik izango ez balu errusiarren artean", azaldu dio Igandea -ri Konstantin Tupikovek, Ukrainako Ezker Oposizioko kideak.
Kremlineko buruaren ahala, baina, Errusiako mugetatik haratago heltzen da, eta hori alda ez dadin tematua dago Mosku. Xede horrekin sortu zuen Aduana Batasuna. "Europako Batasunaren eta Errusiaren artean hesi bat eraiki nahi du Moskuk, horretarako bere aldeko estatuak erabiliz. EBrentzat, aldiz, Ukraina erdiko eta ekialdeko europaren arteko zubia da, baita oso lurralde garrantzitsua ere, handik igarotzen baitira Europarako erregaia daramaten gasbideak ere. Horregatik, emaitza argirik gabeko futbol partida batez ari gara hizketan", dio Victor Manuel Amadok, EHUko Valentin de Foronda Gizarte Historiako Institutuko ikertzaileak.
Amadok aipaturiko partida ez zen, ordea, azaroaren 21ean hasi —egun horretan iragarri zuen Ukrainako presidente Viktor Janukovitxek ez zuela sinatuko EBrekiko akordioa—, askoz lehenago baizik. «Hauteskundeak egin zirenean [2010ean] ukrainarren erdiek Janukovitxen alde bozkatu zuten, baina orduan haren boterea mugatua zen. Kargua hartu ostean, Janukovitxek legebiltzarrean zuen ordezkaritza indartu zuen, boterea kudeatzeko ahalmena izango zuen bakarra bera izan zedin. Beraz, esan genezake ukrainarrek oso bestelako hautagaiari bozkatu ziotela duela hiru urte. Gainera, Janukovitxek bozak irabazitakoan hitzeman zuen EBrekiko akordioa sinatuko zuela, eta ez du hitza bete», salatu du Volodimir Beglov kazetari ukrainarrak. Harekin bat dator Amado ere, baina zehaztu du ikusten dena ez dela errealitatearen argazki osoa: "Europazaleek hiru urte daramatzate halako manifestazioak egiten. Hau ez da berria. Baina ez dugu ahaztu behar kalean daudenak ez direla denak; ukrainar batzuek nahiago dute bere horretan jarraitu". Bestetik, kontuan hartu behar da Europaren aldeko protesta gisa hasi zirenak nabarmen gogortu zirela Polizia indarrez jazarri zitzaienean, azaroaren 30eko gauean. "Indar bereziak manifestari baketsuei oldartu zitzaizkienean, zerbat handiago bilakatu ziren", nabarmendu du Tupikovek.
Europa, helburu 'ideala'
Adinak eta geografiak banatzen ditu europazale direnak eta ez direnak. "Gazteak dira gehienbat manifestazioetara joaten direnak. Adin batetik aurrerakoek, ordea, nahiago dute ezagutzen dutena", azaldu du Jon Ariza de Miguelek, Odesan bizi den bilbotarrak. "Hemen, errusiar hiztuna da gehiengoa, eta lasaitasuna da nagusi. Badakit joan den igandean egon zela elkarretaratze edo manifestazioren bat, baina ez dut uste jende asko bildu zuenik. Horretaz gain, alkateak, antza denez, protesta ekintza guztiak debekatu ditu Gabonak arte, eta Kievera joan asmo zuten ikasleei ere mehatxu egin diete". Baina europazaleen artean ere asko dira amets baten esperoan daudenak. "Ezkertiar askok beldurrez ikusten dute Svoboda [eskuin muturreko alderdia] gisako taldeek nola gidatzen dituzten jende multzoak, Europan sartze hutsa helburu gisa aurkeztuz, herrialdearen etorkizunaz hausnartu gabe. Hemen, sobietarren garaian debekatu egin zieten pentsatzea, eta oraindik ere asko mugatzen dira besteek esandakoa betetzera", adierazi du Arizak.
Bestetik, Europa amets baten pare bihurtu da askorentzat, AEBeak Latinoamerikako etorkinentzat diren moduan. "Ukrainarrak oso erromantikoak dira, gauzak idealizatu zaleak. Hala egin dute Europako balioekin. Uste dute han legearen aurrean denak berdinak direla, haien estatus soziala edozein dela ere, eta Poliziak ez diela kalterik egiten pertsona errugabeei. Ezin dut jakin, manifestariek jakin ezin duten moduan, hori den benetako Europa, baina ohartzen naiz masek amesten dutena mito bat dela. Dena den, ziur nago ukrainar gehienek partekatzen dutela sentimendu hori, oraingoan protestak ez baitira soilik hiriburuen eta mendebaldean egin, baita ekialdeko hirietan ere. Tartean, Sebastopol, non Errusiako itsas armadaren basea dagoen. Hala ere, ezin dugu esan ukrainar guztiak daudenik EBn sartzearen alde; izan ere, gurea da kontinentean biztanle gehien duen estatuetako bat, eta askok gogoratzen dituzte nostalgiaz SESBeko garaiak", nabarmendu du Tupikovek.
Sobietar Batasunaren garaietatik datorren harremana —eta Moskuren diru laguntzak, besteak beste— galtzeko beldurragatik egin zuen atzera Janukovitxek EBrekiko hizketaldietan. "Negua luzea eta gogorra izango da Ukrainan. EBk Kievekin inolako akordiorik lotuko balu, argi dago zein izango litzatekeen Moskuren erantzuna, gasa moztea edota haren prezioa igotzea, besteak beste. Putinek du giltza. Horregatik, Janukovitxek haren hitza bermatu nahi du. Baina Errusiako presidentea ez da edonor, oso buruzagi gogorra da; ez dugu ahaztu behar hura izan zela KGBk Alemanian zuen arduraduna", ohartarazi du Amadok.
Kiebraren mehatxupean
Amado ikertzailea ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko begirale izan zen 2010eko hauteskundeetan, eta argi du geroztik okerrera egin duela herrialdeak, nabarmen gainera. "Ustelkeria da herrialde horren arazo larriena. Minbiziaren modukoa da, maila guztietan eta toki orotan aurki daiteke, bai politikan, baita ekonomian ere. Duela egun batzuk atera zuen urteroko txostena Nazioarteko Gardentasunerako Erakundeak, eta han zegoen Ukraina azken postuetan, Bielorrusia eta Georgiarekin batera". Alde horretatik, EBrekin elkartzeko akordioa sinatzeak nazioari mesede egingo liokeela uste du Topikovek: "Herritarrei ez lieke arduratu behar joko geopolitikoak. Elkartze akordiorako testua irakurri dut, eta badirudi puntu nagusia dela Europaren diru laguntzen erabilera gardena. Horrek, trukean, esan nahiko luke estuago hartuko litzatekeela ustelkeria, eta, bide batez, baita legea betearazteko neurri gehiago bultzatu ere. Domino efektua eragingo lukeela, alegia. Eta hori, zalantzarik gabe, onuragarria litzateke. Argi dago Errusiarekiko harreman ekonomikoak galduko genituzkeela, eta horrek kalte izugarria eragingo lioke gure ekonomiari, Poloniak 1990eko hamarraldian jasan zuenaren modukoa. Pena da, baina hemen jende askok aspergarria deritzo akordioari. Uste dut ukrainarrak ameslari eta erromantikoak direla, baina ez oso pragmatikoak".
Ekonomia da, hain zuzen, ukrainarren kezka nagusia. "Aurreko batean, lagun batek hala esan zidan: 'Ez dakit zertan gastatu soldata', eta nik erantzun: 'Ez baduzu behar, bankuan sartu', eta orduan hark: 'Ez, bankuan desagertu egiten da; hemendik bi hilabetera orain daukadan diruak %5 gutxiago balioko du'. Hemen jakin badakite Grezian eta Espainian krisia dagoela, baina Polonia dute erreferentzia. Euroa gora eta gora hari da hrivniaren —hango txanpona— alboan. Hemen langabezia txikia bada, bertakoak kanpora joaten direlako da. Geratzen direnak zain daude estatuak noiz bankarrota adieraziko", azaldu du Arizak.
Egungo egoera garai bateko politiken ondorio zuzena da, Ezker Oposizioko kidearen ustez: "Leun azalduz, ezkerreko ideiak gaizki ulertu ziren. SESBeko Konstituzioaren 5. artikuluak zioen ez zela baimenduko Komunista ez zen alderdirik Sobietar Batasunean. Beraz, lehia politikoa debekatu zen. Gaur ikusten ditugu ondorioak. Nik ulertzen dudan moduan, indar politikoek gizarte talde jakinen interesak ordezkatzen dituzte. Baina hemengoek euren kideenak (senideenak) bakarrik babesten dituzte. Ukrainako alderdi politikoen zintzotasunik eza erakusten duten adibide asko daude. Eskuin muturrak, esaterako, 'europarren balioak' defendatzen dituela dio, besteak beste, homosexualen eta juduen eskubideak! Beste adibide bat: Petro Simonenkok, Alderdi Komunista deitzen dutenaren buruak, esan zuen jainkoak zigortuko dituela Leninen eskultura bota dutenak. Egiaz, fartsa hau barregarria eta tristea da".
Beglov bat dator Tupikovekin alderdiek ez ezik potentzia handiek ere diskurtso hutsak erabiltzen dituztela: "Nazioarteko politikan aritzen den jokalari handi orok izan nahi du indartsuena, boterestuena. Errusia, Europa, AEBak eta abar. Eta jokalari handi bakoitzak ditu bere bideak. Errusiak arau zaharren arabera jokatzen du: ukrainar-errusiar hizkuntzak, II. Mundu Gerrako auziak, anaitasuna eta halakoak. Baina ukrainarrak aspertuta daude emaitzarik gabeko diskurtso horiekin. Ukrainarrek sinesten dute euren batasunean oinarritu behar duela benetako diskurtsoak".
Bigarren iraultza
Janukovitxen bigarren agintaldia da honako hau, eta aurrekoan, oraingoan bezala, protesta olde bati aurre egin behar izan zion. Orduan, 2004ko azaroan, presidentetzarako bozetan iruzur egitea leporatzen zioten, eta, presioaren ondorioz, hauteskundeak berriz egitea onartu behar izan zuen Lurraldeen Alderdiko buruak. Dena den, porrota ez zen uste bezain gogorra izan. Bozak Viktor Justxenkok irabazi zituen arren, haren gobernuak gutxi iraun zuen, alderdi arteko liskarren ondorioz, eta Janukovitxek bere egin zuen presidentetza sei urte geroago. Dena den, orduan ere europazaleen eta Errusiaren aldekoen artekoa zen borroka. Izan ere, Bruselaren sostengua zuen Justxenkok, eta Moskurena Janukovitxek. Zein da, beraz, aldea? "Iraultza Laranjaren ondorengo garaia benetako demokraziaren adibide izan zen. Alderdien arteko eztabaida izan zen horren erakusle. Parlamentuko kide oro errespetatzen zen, eta aske zen bere iritzia emateko. 2010ean, Janukovitxek aldatu egin zuen Konstituzioa. Orain, parlamentua eta oposizioa ez dira haren panpinak besterik. Ukrainarrak behartuak daude iritzi bakarra onartzera, Viktor Janukovitx presidentearena. Euromaidaneko jendeak ulertzen du Errusiak diru asko emateko ahalmena duela. Baina Errusiak ezin dizkigu eskaini askatasuna, giza eskubideak, justizia eta gardentasuna. Oso aukera erraza da: Vienan kafea hartzea edo Moskun vodka edatea", azaldu du Beglovek.
Duela hilabete eskas hasitako protestak nabarmen jendetsuagoak dira, Tupikoven iritziz, baina ez da hori bien arteko alde bakarra. "Aurrekoan ez bezala, hemen ez dago indar politiko jakin bat. Hemen, gainera, oposizioko buruek abantaila handi bat dute, haiek Kieveko kaleetan daudelako, eta presidentea, berriz, Txinan, Sotxin edo jainkoak daki non dagoen. Hala ere, uneotan Kieveko manifestariak jende multzo bat besterik ez da. Baketsuak eta oso goiargidunak, baina jendea zuzenduko duen karismadun buruzagirik gabe, eta helburu sozial eta ekonomiko argirik gabe. Beraz, zaila da esatea zer ekarriko duen etorkizunak. Gauza bat ziurra da: Kiev ez da Mosku edo Minsk, non halako gertaerek, ondo dakigu, askoz ere erantzun erradikalagoa jasotzen duten; eta hori abiapuntu baikorra da".
Geroari buruz hitz egiten, Beglovek ez du zalantzarik egiten, eta ohartarazi du protestek bere horretan jarraituko dutela, Janukovitxek amore eman eta akordioa sinatzen duen arte. "Asko ari dira okerreko informazioa zabaltzen. Kazetariek behin eta berriz egiaztatu behar dituzte jasotako mezuak. Edonon ikus daitezke militarrak, baita poliziak ere kalean. Hala ere, ez dira gai manifestariak sakabanatzeko. Milaka ukrainarrek borrokan jarraituko dute, eta gehiago elkartuko zaizkie. Hor eutsiko diote gobernuak dimisioa eman eta ikasleen aurkako indarkeriaren erantzuleak zigortzen dituzten arte. Eta, noski, hor egongo dira EBrekin elkartzeko akordioa sinatzen duten arte".
Bidegurutzean dago uneotan Ukraina, Amadoren esanetan. "Nire ustez, EBrekiko akordioak azkartu egin dezake estatua berritzeko prozesua. Baina ez dugu ahaztu behar akordio horren onurak epe luzekoak direla, eta, ziurrenik, hortaz ohartzen direnean askok atzera egingo dute".