Protestak herrialde arabiarretan

Kanporatzeen aurka matxinatu dira Lampedusa uharteko etorkinak

HRWek Grezian atxikitako etorkinen egoera txarraren konplize egin du Frontex agentzia

Erredakzioa
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Urte hasieran Tunisian eta Egipton matxinadak lehertu zirenetik, Italiako Lampedusa irlara ailegatutako iheslari kopuruak nabarmen egin du goiti. Han dauden gehienak Tunisiatik iritsitakoak dira, eta Italiako Gobernuak haiek kanporatzeko asmoa duenez, protestan hasi dira; herenegun, etorkinentzako harrera zentroari su eman zioten, eta atzo, liskar gogorrak izan zituzten Poliziarekin eta bertako herritarrekin. 11 lagun zauritu ziren, eta horietako bat, etorkina, larri eraman dute helikopteroz Palermora, Siziliako hiriburura.

Etorkinek kanporatzeen aurka manifestazioa egin zuten, eta bertako herritarrek harriak jaurti zizkieten. La Reppublica egunkariaren arabera, iheslariek gasolinaz betetako edukiontzi bat leherrarazteko mehatxua egin zuten, eta Poliziak haien kontra jo zuen orduan. Libiako etorkinei errefuxiatuen estatusa onartzen die Italiak; horregatik, kontinentera eramaten ditu. Tunisiarekin, ordea, iragan apirilaren 5ean akordioa sinatu zuen Erromak; horren arabera, epe horren ondotik iritsitakoak kanporatu egiten ditu. Tunisiako etorkinek, baina, Libiakoen estatus bera aldarrikatzeko hasi dituzte protestak.

«Egoera gizagabea» Grezian

EB Europako Batasuneko herrialdeetako bertze muga gune gatazkatsua Greziaren eta Turkiaren artekoa da —bertzeak bertze, 120 kilometro luze den lubakia eraikitzen ari da Atenas etorkinen sarrera oztopatzeko—. HRW Humans Rights Watchek salatu du etorkinak «egoera gizagabe eta umiliagarrian» atxikitzen dituela bertan Greziako Poliziak, «asteetan edo hilabeteetan», haurrak barne. Frontex Europako mugen zaintzarako agentzia ere jokabide horren «konplize» egin du, erakunde horrek badakielako Greziako Poliziaren jardunbidea «giza eskubideen legediaren aurkakoa» izan dela. Europako Batzordeak, ordea, Frontexeko agenteek ez dutela inolako erantzukizunik erran du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.