UMP Herri Mugimenduaren Batasuna alderdiko hautagai Camille de Rocca-Serraren zerrenda izan zen bozkatuena igandean Korsikako Asanblearako bozen bigarren txandan. Botoen %24,05 eskuratuta, orotara 15 diputatu izango ditu Asanblean. PRG Ezkerreko Alderdi Erradikaleko hautagai Emile Zuccarellik, berriz, botoen %18,6 jaso zituen eta bederatzi diputatu izango ditu. Unione Naziunale zerrenda abertzalea hirugarren alderdia izatera pasatu da, botoen %17,34 lortuta, eta zortzi diputatu izango ditu, 1999. urteko bozetan Corsica Nazionek lortu zuen kopuru bera. PRGren beste zerrendak, Paul Giaccobiren Korsika Martxan zerrendak, bozen %15,16 lortu zituen, eta zazpi ordezkari izango ditu Asanblean.
Bigarren itzulira pasatu ziren gainerako alderdiek launa ordezkari lortu dituzte: Dominique Bucchiniren PC Alderdi Komunistak (%8,30), egungo Lurralde Asanbleako presidenteeta UMPko kide ohi Jose Rossiren DVD Eskuin Askotarikoak(%7,80) eta ezkerreko Simon Renucciren DVG Ezker Askotariko koalizioak (%7,75).
Emaitzak aintzat hartuta, eskuineko edo ezkerreko indarren gehiengo absolutua ezinezkoa da. Inork ez du baztertzen, ordea, Rocca-Serrak, Zuccarellik eta Rossik fronte errepublikanoa osatzea. Atzo ezkerreko gehiengoa osatzeko proposamena egin zuen Zuccarellik, baina horretarako bere alderdian dauden zatiketak gainditu beharko liratekela aitortu zuen.
Jean-Guy Talamoni buruzagi independentistak, berriz, «konpromiso historikoa» hartzeko deia egin zien talde aurrerakoiei, hau da, Rocca-Serra eta Zuccarelliren «alderdi arkaikoetatik kanpoko» gainerako alderdiei. Unione Naziunaleren xedea «etorkizun baketsua bermatzeko» batasuna lortzea da. Ostegunera arteko epea dute abertzaleek horretarako. Parte-hartzeak gora egin bai, baina botoemaile berriak Frantziakoak direla argudiatu dute abertzaleek. Korsika Irratiko kazetari Henri Marianiren arabera, argudio hori aitzakia baino ez da eta, haren ustez, abertzaleak ez dira gai izan abstenitu direnak konbentzitzeko. «indarkeria eta ekonomiak pisu handia dute oraindik», dio.
Baikortasuna eta etsipena abertzaleentzat
Negoziazioak, beraz, ez dira errazak izango. Ezkerrak lau zerrenda aurkeztu ditu, baina horietatik bik alderdi bera ordezkatzen dute: PRG Zuccarelli eta Giaccobik. Giaccobi prest agertu da Zuccarellirekin zituen desadostasunak konpontzeko, baina azken honek, ordea, errezeloa agertu du. «Ezkerreko nire lagunengana joko dut», esan zuen igandean. «Ezkerrekoa eta errepublikanoa naiz», gaineratu zuen.
Boto gutxien lortu dituzten ezkerreko hautagaiek, berriz, Bucchinik eta Renuccik, batasunerako deia egin dute. Datozen egunak, beraz, erabakigarriak izango dira ezkerreko zein eskuineko alderdientzat. Egungo Asanbleako presidente Jose Rossik mezu bat bidali dio Paul Giaccobiri: «Zurekin liberalek gehiengo absolutua lortuko lukete».Unione Naziunale alderdiaren egoitza jendez gainezka egon zen igande iluntzean. Arratsaldeko 20:30ean telebistak bederatzi diputatu iragartzen zituen, aurreko bozetan baino bat gehiago 1998. urteko bozak bertan behera gelditu ziren hauteskunde iruzurraren ondoren, eta urtebete geroago egin ziren berriz. Hautagai eta alderdikideak pozarren agertu ziren. Batasunaren sinbolo den Edmond Simeoni buruzagi abertzalea ere kontent zegoen: «Begira, nekazaritza eremuetan aurrera egin dugu eta hori oso ona da. Batasunak iraungo du». Bere ustetan, koalizioko kideen arteko irakaspena handia izan da: «Jean-Guy Talamoni, Jean Christophe Angelini eta gainerakoek elkar estimatzen eta elkarrekin bizitzen ikasi dugu».Alta, hasieran Unione Naziunalerentzat iragarritako bederatzigarren diputatua, finean, Alderdi Komunistarentzat izan zen. Gaueko 10:30ean inor gutxi zegoen Bastiako egoitzan.
KANTONAMENDU HAUTESKUNDEAK. KORSIKAKO ETA BRETAINIAKO BOZAK. «Konpromiso historikoa» hartzea proposatu dute abertzaleek Korsikan
Unione Naziunalek, boto kopuruan gora egin arren, zortzi diputatu izango ditu, lehen bezala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu