Desio bat dut Estatu Batuetako Presidentetzarako bozetarako. 2000ko emaitza lotsagarria errepikatzea nahi dut; hots, hautagai batek Presidentetza eskuratzea, nahiz eta boto zuzenetan galdu. Baina aldaketa bat nahi dut. George Bush Alderdi Errepublikanoko hautagaia herritarrek emaniko botoetan garaile izatea, baina Presidentetza John Kerry hautagai demokratak irabaztea.
Baliteke nire lagun euskaldunek ez ulertzea nire desioa. Haiekin hitz egin nuen 2000ko hauteskundeen ondoren, eta pentsatzen zuten emaitza demokraziaren aurkakoa zela. Zuzen zeuden. Gure sistemak porrot egin du, baina konpontzeko modu bakarra da emaitza bidegabe hori beste aldeak nozitzea. Zeharkako boto sistemaren bidez aukeratzen dugu presidentea, ez herritarren boto zuzenaren bidez. Konstituzioa idazterakoan sortu zen eztabaida baten ondorio izan zen hori. Alde batek nahi zuen Kongresuak aukeratzea lehendakaria, besteak herritarrek aukeratzea. Sistema honi jarraiki, estatu bakoitzak boto kopuru bat dauka, Kongresuan duen ordezkari kopuruaren arabera. Adibidez, Ohiok 18 ordezkari ditu Ordezkarien Ganberan eta bi Senatuan; beraz, 20 boto ditu presidentea aukeratzeko. Hala, 50 estatuetako emaitza indibidualek erabakitzen dute presidentea nor den, eta 270 ordezkari edo gehiago lortzen dituen hautagaiak irabazten ditu hauteskundeak. Sistema honen ahuldadea zera da: estatu batean botoak oso zatituta egon arren, nagusiak estatu horretako boto guztiak eskuratzen dituela eta gainerakoek bat ere ez. 2000n, Bushek ozta-ozta lortu zuen zeharkako botoan nagusitzea, nahiz eta estatu askotan alde handiagatik galdu zuen. Jende askok uste du historian errepikatuko ez den istripu bat izan zela. Nik uste dut balitekeela errepikatzea, baina Bush galtzailea izanda. Emaitza bikaina izango litzateke. Errepublikanoak haserretuko lirateke eta hauteskunde sistema aldatu nahiko lukete. Eta demokratek 2000n izan ez zuten abantaila bat daukate: Kongresuaren kontrolari eutsiko diote segur aski eta konstituzioa aldatu ahal izango lukete. Gainera, gutxienez hiru arazoz eztabaida nazionala egingo litzateke.Batetik, zeharkako sistemak alderdi gehiago sortzea galarazten du. 1992an, Ross Perot hautagai independenteak botoen %20 lortu zituen, baina ez zuen zeharkako botorik eskuratu. Hauteskunde sistema ez bada aldatzen, bipartidismoa ere ez da desagertuko. Bestetik, hauteskunde sistema aldatzeak eragingo du hautagaiek herrialde osoan jartzea arreta. Aurten, adituen ustez hamar estatutan erabakiko da presidentetza. Bushek eta Kerryk dozenaka aldiz bisitatuko dituzte estatu horiek eta gainerakoak ez dituzte kontuan hartuko. Noski, estatu horiek gobernu federalaren mesede eta diru gehiago jasotzen dute. Hirugarrenik, zeharkako bozketa sistema indargabetzen bada, parte-hartzea handituko da. Georgiakoko demokrata batek, non Bushek irabaziko duen, edo New Yorkeko errepublikano batek, non Kerryk irabaziko duen, batzuetan pentsatzen duez dagoela bozkatzeko arrazoirik, bere botoak ez duelako aldaketarik ekarriko emaitzan. Aurten nire desioa betetzeko aukera dago. Inkesta gehienetan Bushek abantaila txikia dauka. Baina zalantzan dauden estatu askotan Kerry da nagusi. Botoen kontaketarekin hainbat astetako lege borroka sor daiteke. Baliteke urtarrilera arte ez jakitea nor den presidentea. Kaosa errepikatzea nahi nuke, Estatu Batuetako demokraziarentzako gauzarik onena izan baitaiteke.
IRITZIA
Kaosa errepika dadila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu