Beraz, ondo bidean, gaur hegaldi komertzialen %40-45 artean aterako direla iragarri dute agintariek -soilik %30 irten ziren atzo-, eta beste %10-15eko igoera espero dute biharko. Lanera itzultzen lehenengoetakoak izango dira Londres eta Parisko aireportuak. Azken horrek, «korridoreak» zabalduko ditu hiriburuko eta hegoaldeko aireportuen artean. Dena den, aire konpainiek erabaki beharko dute debekatutako eremuaz kanpo dauden guneetara hegaldirik egingo duten.
Hain zuzen ere, IATA Nazioarteko Aire Garraioko Elkartea izan da Europako Batzordeari kritika gogorrenak egin dizkiona. Batzordeko presidente Giovanni Bisignanik H1N1 gripearen kudeaketarekin alderatu du aireportuetako krisia -iaz estatuek milioika euroko inbertsioa egin zuten gripearen aurkako txertoak erosten, baina birusak ez zuen esperotako kaltea eragin-. «Teorian oinarritutako sistema erabiltzen dute oraindik europarrek, egitate eta arriskuen ikerketan oinarritutakoa erabili beharrean». Joan den ostegunetik, 63.000 hegaldi baino gehiago geratu dira bertan behera, galera ekonomiko izugarriak eraginez Europako nahiz atzerriko aire konpainiei. «Segurtasuna da lehentasuna, baina zalantzak ditugu jarritako debekuen proportzionaltasunaren inguruan». Harekin bat etorri da Schuman Fundazioko buru Jean Dominique Giuliani ere: «Beldurrean oinarritu dituzte segurtasun neurriak». Europako Batzordeko Garraio komisario Siim Kallasek, baina, ukatu du halakorik, eta nabarmendu du Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundearen arauetan oinarritu direla.
Proba hegaldiak
Bruselak aire eremuko debekuak murrizteko erabakia jakinarazi aurretik, lau aire konpainiek proba hegaldiak egin zituzten, errauts lainoaren arriskuak neurtzeko. Lufthansa, British Airways, KLM eta Air France bat etorri ziren lainoak ez duela kalte nabarmenik eragiten aparatuen motorrean. Aldiz, ordu batzuk lehenago Europako aire eremua zeharkatu zuten NATOko airekoek arazoak izan zituzten, nahiz eta onik itzuli ziren base militarrera.
Aireportuak apurka-apurka normaltzen diren bitartean, Erresuma Batuak iragarri du armadako ontziak bidaliko dituela atzerrian dauden britainiarrak etxera itzultzeko. Ark Royal eta Albion ontziak atzo arratsaldean abiatu ziren Espainia aldera, eta gaur goizaldera ziren iristekoak. Zibilak ez ezik, Afganistandik etxera zihoazen 220 soldadu ere jasoko ditu Albion-ek.
Bigarren fasea
Eyjafjalla sumendiak jaurtitzen duen errauts kopurua murriztu egin da azken orduetan. Joan den larunbatean 11 kilometroko altuerara heldu zen errauts eta hondakin zutabeak hiru kilometroko altuera zuen atzo. «Iparraldeko haize indartsuek hegoaldera bidaltzen dituzte errautsak. Sumendiak astindu gogorrak izan ditu, beraz, litekeena da mendiaren gainaldean aldaketak gertatu izana eta laba botatzen hasi izana», azaldu du Suediako geologo Hjorleifur Sveinbjornssonek.
Eyjafjallak sumendi gehiago ere baditu inguruan, baina horietatik bat da zientzialariak gehien kezkatzen dituena: Katla. 60 urtean behin piztu izan da orain arte, eta azkenengo aldia 1918an izan zen. Katla eta Hekla dira Islandiako sumendi handienetako bi, eta biak ere Eyjafjallatik oso gertu daude.
Arazo handienak Loiuko eta Miarritzeko aireportuetan
Egoerak zertxobait hobera egin zuen arren, atzo ere gorabeherak izan ziren Euskal Herriko aireportuetan. Loiuko (Bizkaia) eta Miarritzeko (Lapurdi) aireportuetan izan ziren arazo handienak. Loiun 25 hegaldi geratu ziren bertan behera goizean, eta beste hamahiru arratsaldean. Gehienak Europa iparraldeko aireportuetara zihoazen. Oso gutxi izan ziren, halaber, Miarritzen aireratu eta lurreratu ziren hegazkinak. Iragarrita zeuden 33 hegaldietatik 27 geratu ziren bertan behera. Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportuan ia erabatekoa izan zen normaltasuna. Soilik Bartzelonara zihoan hegaldi bat kendu zuten. Noainen ere (Nafarroa) bakarra geratu zen bertan behera; eta Forondan (Araba) batere ez.Hegazkineko motorrak honda ditzakete errautsek
Errauts lainoak modu askotako kalteak eragin ditzake hegazkinean: olio sistema kutsatu, airearen abiadura neurtzen duen hodia itxi, eta abar. Arriskutsuena, halere, motorrak kaltetzea da. Urtutako errautsak solido bihur daitezke, eta airearen ohiko isuria itxi dezakete. Hala, motorra geratuko litzateke.Osasunerako arriskuak aztertuko ditu gaur Bruselak
Errauts lainoak osasunean eragin ditzakeen arriskuak aztertuko ditu gaur Europako Batasunak.«Errautsak goian badaude, ez dago arriskurik», adierazi du EBko Osasun Batzordeko bozeramaile Frederic Vincentek. Egunean bi aldiz neurtzen dute herrialdeek airearen kalitatea.40
Etxera itzuli ezinda egondako Nafarroako ikasleak. Ostiraletik etxera itzuli ezinda egon dira 40 ikasle nafar. Italian zeuden 27ak atzo itzuli ziren. Erresuma Batuan egondako zazpiak gaur itzuliko dira. Irlandan daudenek zain egon beharko dute egoerak hobera egin arte.Greziarako bidaia atzeratu dute EBk, EBZk eta NDFk
Islandiako sumendiaren errautsek eragina izan dute Greziaren krisi ekonomikoan ere: Europako Batasuneko, Europako Banku Zentraleko eta Nazioarteko Diru Funtseko adituek atzeratu egin zuten atzo Greziara egin behar zuten bidaia, krisiaren kontrako neurriez hitz egiteko. Bihar bilduko dira, ahal badute.Renfek ibilbide luzeko zerbitzuak indartu ditu
Jasotako eskaria kontuan hartuta, ibilbide luzeko zerbitzuak indartu ditu Renfek. Portugalek eskatuta, Hendaia eta Lisboa arteko zerbitzua bikoiztuko du gaur.Gainera, leku gehiago eskainiko dituzte Madril eta Bartzelona Parisekin lotzen dituen trenetan. Atzo, ohi baino %15 eskari gehiago jaso zituen Renfek.Aire konpainiak laguntza eske, eta Europa emateko prest
Europako aire eremuaren zati bat itxi dutelako egunero 200 milioi euro galtzen ari dira, IATAren araberaJakes Goikoetxea.
Islandiako Eyjafjalla sumendiak isuritako errautsen faktura garestia izaten ari da, Europan batez ere. Nazioarteko Aire Garraioko Elkartearen arabera (IATA), aire konpainiak 150 milioi euro inguru galtzen ari dira egunero, Europako aire eremuaren zati handi bat itxita dagoelako. Aire eremuaren itxiera ekonomian eragiten ari den kaltea handiagoa da. Alemanian mila milioi euro egunero, Merkataritza eta Industria Ganberen Konfederazioaren esanetan. Hegazkinez garraiatzen dira merkantzien %40.
Iazkoa urte beltza izan zen aire konpainientzat. Aurten hobeto hasi ziren. Baina orain galerak pilatzen hasi dira: Air France-KLM-k 35 milioi euro egunero, eta British Airwaysek 17-22 milioi euro. TUI Travel Erresuma Batuko bidaia antolatzailearen arabera, galerak 22 milioi eurokoak dira.
Aire eremuaren itxiera eragiten ari den kaltea 2001eko irailaren 11ko atentatuen parekoa edo handiagoa da, IATAren arabera. Hala esan du Siim Kallas Europako Batasuneko Garraio komisarioak ere. Europako Batzordeak aholkulari talde bat osatu du, kalteak neurtzeko. Aste honetarako espero dituzte lehen neurketak.
Aire konpainiak laguntza eske hasi dira, galerak berdintzeko. Europako Batzordeak erantzun die prest dagoela araudi bat onartzeko, Europako Batasuneko estatuek aire konpainiei laguntzak eman ahal izateko, irailaren 11ko atentatuen ostean bezala. Beti ere lehiarako arauak errespetatuz, nabarmendu zuen Garraio komisarioak. Irailaren 11ko atentatuen ostean, Ameriketako Estatu Batuetako aire eremua itxi zuten, eta, gero, aire konpainiei laguntzak eman zizkieten, itxierak eragin zizkien galerak arintzeko.
Kallasek berak atzo esan zuen hegaldiek lehenbailehen hasi behar dutela berriro, ondorio ekonomikoak gero eta handiagoak ez izateko. «Beti ere», jarraitu zuen, «lehentasuna segurtasuna dela ahaztu gabe». Europako Batzordearen arabera, aire garraioa baimenduz gero, konpainiek hiru edo lau egun beharko dituzte ohiko jarduera berreskuratzeko.
Arrainak eta frutak usteltzen ari dira, ekoizleen hozkailuetan edo Europako aireportuetan. Loreak zimeltzen. Norvegiako eta Eskoziako izokinaren kasuan ekoizleak ibilbide berriak bilatzen ari dira izokina merkatuetara helarazteko. Batzuek arrainak izozten hasi dira, ez galtzeko. Kenyan eten egin dute barazkien eta loreen bilketa, milaka lagun etxera bidali dituzte eta 3.000 tona lore zaborretara bota. Nairobiko aireportuko hozkailuak gainezka daude.
Trenen eta autobusen etekina
Baina batzuen kaltea besteen onura izaten da. Hegazkina erabili ezin dutenak trena, autobusa eta autoa erabiltzen ari dira. SNCF Frantziako trenbide konpainia publikoak merkatu egin ditu Paristik Londresera joateko txartelak, eta handitu egin du ibilbide hori egiten duen tren kopurua. 80.000 bidaiari gehiagorentzako lekua eskainiko du. Eurostar trenak 50.000 bidaiari gehiago izan zituen iragan osteguna eta larunbata artean, Londrestik Bruselara eta Parisera egiten dituen bidaietan.
Eurotunnelen kotizazioak, aire konpainienak ez bezala, gora egin du, tunela baita aukera bakanetakoa hegazkinez bidaiatu ezin dutenentzat Erresuma Batua eta Europa kontinentala lotzeko.