Islandiako Eyjafjalla sumendiak atmosferara jaurtitako errautsen ondorioz, Erresuma Batuan ez ezik, beste zortzi herrialdetan hegaldiak egitea debekatu zuten atzo: Irlandan, Alemanian, Belgikan, Danimarkan, Estonian, Finlandian, Frantzian, Letonian, Polonian eta Suedian etenda zegoen aire zirkulazioa. Horregatik, dena ondo bidean 28.000 hegaldi egitea espero bazuten ere, egoerak hobera uste baino motelago egin zuelako, erdiak lurrean gelditu ziren azkenean.
Aire Nabigazioaren Segurtasunerako Agentzia Europarrak arrisku handieneko eremuan sartu ditu zotzi herrialde horiek-erabateko debekua Irlandako hegoaldean, Suediako hegoaldean eta Finlandian zuten-. Aire konpainien presioak eraginda, EB Europako Batasuneko Garraio ministroek hala erabaki dutenez, gainontzeko herrialdeak arriskuaren araberako bi multzotan banatu dituzte: batean, atmosferan errauts hondarrak egon arren, hegaldiak egin ahal izan dituzte; hirugarren multzoan sartu dituztenek, berriz, ez dute inolako eragozpenik izan hegaldiak baimentzeko.
Astebururako, hobetzen
Europako herrialde gehienetan bezala, Erresuma Batuan ere egoerak hobera egingo zuela espero zuten atzo. Hala zioten meteorologoek: errauts partikulen kopuruagatik, ez zela hain arriskutsua izango Erresuma Batuko aire eremuan barna hegaldiak egitea. Haatik, Eyjafjalla sumendiak errauts gehiago bota zuen, eta aire eremua zabaltzea arriskutsu bihurtu zuen beste behin. Horregatik, Erresuma Batuko meteorologia zerbitzuak aurreko egunean egindako iragarpena zuzendu zuen: «Islandiako sumendiak eragindako egoera aldatzen ari da oraindik». Egoera hobetzen ez bada, gaur ere itxita izango dituzte Londresko eta inguruko aireportuak.
Dena den, Munduko Meteorologia Erakundeak eguraldi aldaketa iragarri du astebururako. Islandian presioa jaisterekin bat, haizeak Artikorantz eramango du errauts hodeia, eta, bide batez, Europa inguruak garbitu. Joan den ostegunaz geroztik, Islandiako sumendiak eztanda egin zuenetik gutxi mugitu da errauts hodeia. Islandiatik gertu dagoen antizikloiak eragin du hori. «6.000 metrora baino gehiagora dagoen errauts hodeia atmosferan goian egongo da denbora batez. Tokiko fenomeno indartsuek desegingo dute; ekaitzek, zehazki. Eta halakorik ez dugu espero datozen egunetarako», jakinarazi du Munduko Meteorologia Erakundeak.
Kalte ekonomikoak
Adituek azaldu dutenez, errauts partikulak atmosferan beherantz ari dira erortzen. Haatik, 3.000 metrora daude oraindik; hau da, jendearen osasunean kalteak eragiteko urrutiegi. Osasunerako Mundu Erakundeak adierazi duenez, hala, Eyjafjallak sumenditik gertu daudenei baino ezin die kalterik eragin.
Sumendietan aditu direnek ohartarazi dutenez, Eyjafjalla hainbat hilabetez egongo da piztuta; dena dela, aditu gehienen iritziko, sumendia beste fase batean sartu da. Hemendik aurrera, ondorioz, errauts gutxiago jaurti beharko luke.
Aire zirkulazioa hainbeste egunez eteteak 1.100 milioi euroko kalteak eragin dizkio Europako turismo industriari. Ez da behinbetiko datua, baina kontu jakina da sumendiak kalte ekonomiko handiak eragin dituela. Hori dela eta, aire konpainiei laguntzeko prest agertu da Europako Batzordea. Dena den, Jose Manuel Durao Barroso Batzordeko presidenteak adierazi du «injustua» litzatekeela Bruselari dirua eskatzea.
Bilbora bidean da ia 3.000 lagun etxera eramango dituen Erresuma Batuko ontzia
Itsas bidaldiak egiten dituen Celebrity Eclipse gurtzerua Euskal Herrira bidean da, Islandiako Eyjafjalla sumendiak eragindako kaosagatik etxera ezin itzuli gelditu diren ia 3.000 lagun Erresuma Batura eramateko. Bihar goizean iritsiko da itsasontzia Bilboko portura; eta bihar bertan hartuko du berriro Erresuma Baturako bidea.Europako gainontzeko herrialdeetan bezala, Euskal Herriko aireportuetan ere hegaldi gehienak etenda egon dira iragan ostegunaz geroztik. Atzo, baina, Bilbo eta Paris arteko hegaldiak egiten dituen Air France konpainiako hegazkinak atera ziren Loiuko aireportutik. Dena dela, Europako iparraldeko herrialde askotako aire eremuak itxita zeudelako, Bilbotik atera behar zuten hegaldi gehienak bertan behera gelditu ziren; AENA Espainiako Aireportu eta Aire Nabigazioaren datuen arabera, 23 hegaldi guztira.