AEBetako Alderdi Demokrata hauteskunde primarioetan dago murgilduta atzotik, azaroan Donald Trumpen kontra lehiatuko den hautagaia aukeratzeko. Baina prozesua gaizki hasi da, eta anabasa eragin du Iowan. Han, emaitza ofizialik ez dute oraindik plazaratu «akats teknologiko» batengatik.
Oraindik ez dute esan noiz kaleratuko dituzten emaitzak, baina alderdiak esan du gaur «noizbait» emango dituztela.
Emaitzetan «inkoherentziak» zeudela adierazi dute bozketaren antolatzaileek, eta iragarri dute horiek konpontzeko kontaketa «paperean» egingo dutela.
«Inkoherentziak topatu ditugu hiru emaitza multzotan», azaldu du Mandy McClure alderdiaren eledunak Iowan. Ordezkariak baztertu egin du sistema «hackeatu» dutela edo norbait sartu dela. «Sistema informatikoez gain, emaitzen argazkiak eta paperezko frogak erabiltzen ari gara, emaitza guztiak bat datozela ziurtatzeko».
Euskal Herrian 04:00ak aldera zirenerako espero zituzten emaitzak.
Bernie Sanders senataria zen nagusi bozen aurreko galdeketetan, eta ironiaz hartu du gertatutakoa: «Uste sendoa dut emaitzak noizbait iragarriko dituztela. Eta, iragartzen dituztenean, uste dut guretzat oso onak izango direla hemen, Iowan». Sandersen kanpainakideek «barneko datuak» aurkeztu dituzte, botoen %40 zenbatuta, eta, horien arabera, Senataria nagusi zen, bozen %29,66 lortuta; gero, Pete Buttigieg alkate ohia zegoen (%24,59), Elizabeth Warren senataria (%21,24), eta azkena, Joe Biden (%12,37).
Alderdi Errepublikanoak ere primarioak egin zituen atzo Iowan, eta, arazo teknologikorik gabe, Trumpek irabazi zituen, botoen %97 bilduta.