"Kapitalismoa bersortzea jokoan dagoelako" batasuna eskatu dio Frantziako presidente Nicolas Sarkozyk Europari. Italiako La Stampa egunkarian esan duenez, "europarrak batuta eta asmo argiekin egon behar dute, kapitalismoaren bersortzea jokoan dagoelako". Frantziako presidentea Italiako lehen ministro Silvio Berlusconirekin bildu da gaur, elkarlan nuklearra, krisi ekonomikoa eta Ekialde Hurbileko (Palestina, Irak, Iran...) nahiz Afganistango gatazken eta auzien egoera eztabaidatzeko. Frantziako EDF argindar konpainiaren eta Italiako Enelen izenean elkarlan akordioa sinatu dute bi agintariek, Italian hamar urteren buruan hirugarren belaunaldiko zenbait zentral nuklear eraikitzeko.
Sarkozyren iritziz, Europa izan da finantza ekimenen motorra, nazioarteko finantza eta ekonomia sistema bersortzeko. Adibide gisa jarri du Europako Batasuneko estatu kideek proposatu zutela Washingtongo G-20koen goi bilera egitea. Horrez gain, erreferentzia egin die Parisek Frantziako autogintza sektoreari laguntzeko hartu dituen neurriak; haren esanetan, ez dira neurri protekzionistak.
"Protekzionismoak esan nahi du atzerriko edota enpresa atzerritarren produktuei Frantziako merkatuetara sartzea eragoztea. Halakorik aurkitu duzue indarrean jarri ditugun neurrietan? Argi eta garbi ez", ziurtatu du Sarkozyk La Stampa-n.
Gaurko goi bileran, Frantziako EDF argindar konpainiaren eta Italiako Enelen izenean akordioa sinatu dute Sarkozyk eta Berlusconik, Italian hamar urteren buruan hirugarren belaunaldiko zenbait zentral nuklear eraikitzeko. Akordio horrekin, gainera, Enel konpainiak Frantziako sektore nuklearrean gaur egun duen parte-hartzea handituko da.
Mundua
"Kapitalismoa bersortzea jokoan dagoelako" batasuna eskatu dio Sarkozyk Europari
Frantziako presidentea Italiako lehen ministro Silvio Berlusconirekin bildu da gaur, eta Frantziako EDF argindar konpainiaren eta Italiako Enelen izenean elkarlan akordioa sinatu dute, Italian hamar urteren buruan hirugarren belaunaldiko zenbait zentral nuklear eraikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu