Gaur ekin diote berriro Hagan (Herbehereak) Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegian Radovan Karadzic Bosniako serbiarren buruzagi ohiaren aurkako epaiketari, eta honek azaldu du aretoan ez dagoela bera defenditzen, baizik eta "Bosniaren handitasuna".
Bosniako gerrako (1992-1995) gizateriaren aurkako genozidio eta krimenagatik ari dira epaitzen joan den urritik. Orduan Karadzicek zioen ez zuela defentsa prestatzeko nahikoa asti izan eta atzerapena eskatu zuen. Gaur ere denbora eta baliabide gehiago behar duela galdegin du, baita bere aholkulariei soldata igotzea ere.
Halaber, instrukzio garaiko agiri denak publiko egiteko eskatu du, eta adierazi du Bosniako gerra bukatzeko "inmunitate" akordioa lortu zuela Ameriketako Estatu Batuekin.
Sarajevoko setioaren erantzuletzat jo zuen azaroan Alan Tieger nazioarteko auzitegiko fiskalak. Bosniako hiriburua bonbardaketa eta tiroketa pean atxiki zuten indar serbiarrek eta, horren ondorioz, hamar mila lagun inguru hil ziren; gehienak, zibilak. "Setioak iraun zuen 44 hilabeteetan zer gertatzen ari zen ondo zekien Karadzicek; egiten ari zen garbiketa etnikoaren buruzagi nagusia zen", salatu zuen Tiegerrek.
Srebrenicako sarraskia ere lepoatzen diote; zortzi mila lagun hil zituzten.
"Gerra zibilean egoera kaotikoak daude, eta gertatu zena horren ondorioa da", esan du gaur Karadzicek. Bosniako serbiarrek egindakoa "justua eta sakratua" izan zela ere bota du.
mundua
Karadzic, "Bosniaren handitasuna defenditzen"
Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegian ari dira epaitzen Bosniako serbiarren buruzagi ohia, Hagan. Gaur ekin diote berriro epaiketari. Gizateriaren aurkako genozidioa eta krimena egozten diote. "Gerra zibilean egoera kaotikoak daude, eta gertatu zena horren ondorioa da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu