Bosniako serbiarren buruzagi ohi Radovan Karadzic Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegian agertu da gaur, bigarren aldiz. Bere kontra dituen 11 karguen aurrean bere burua errudun edo errugabe jotzeko eskatuko diote, baina deus deklaratzeari uko egin dio. Horrenbestez, eta aurreikusita dauden prozedurak jarraituz, epaileak behin-behinean errugabetzat jo du, epaiketak aurrera segitzeko ezinbesteko mekanismoa baita hori.
Bigarren aldia da Karadzic auzitegi horretara -Hagan (Herbehereak) du egoitza- eramaten dutena. Aurreneko aldian, iragan uztailaren 31n, deklarazio hori atzeratzea erabaki zuen ustezko gerra kriminalak. Orain deklaratzeari uko egingo balio, automatikoki errugabetzat joko dute, epaitegiaren arauen arabera. Errugabetasun hori soilik prozesu judizialak aurrera egin dezan egiten den mekanismoa da.
Mladici bere burua entregatzeko eskatu diote berriz
Akusazio bertsuen pean dauden beste bi buruzagiri beren burua entregatzeko eskatu die berriz gaur Serbiako Defentsa ministro Dragan Sutanovacek. Serbiako jeneral ohi Ratko Mladici eta Goran Hadzici egin die eskaera, Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegira beren borondatez aurkez daitezen.
Mladic Hagako nazioarteko auzitegira estradita dezala exijitzen dio Bruselak Belgradeko gobernuari, honek Europako Batasunean sartzeko hautagaitza gauzatu nahi badu. Sutanovacek nabarmendu du Karadzic atxilotu eta entregatzearekin Serbiak bere konpromisoak bete dituela, eta "nazioarteko komunitatearen aurrean sinesgarritasuna berreskuratu" egin duela.
Mundua
Karadzicek ez du deklaraziorik egin Hagako auzitegian
Bere burua erruduntzat edo errugabetzat duen adierazi beharra zuen gaurko saioan, baina uko egin dionez, epaileak errugabetzat jo du ohiko prozedurari jarraikiz. Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak 11 kargu aurkeztu ditu Bosniako serbiarren buruzagi izanaren kontra, besteak beste, genozidioa eta gerrako krimenak leporatzen dizkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu