Radovan Karadzic Bosniako serbiarren buruzagi izandakoak ukatu egin ditu Bosniako independentzia gerran krimenik egin zuenik.Karadzicek Hagan deklaratu zuen atzo, Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegian. Haren esanetan, «ahal den guztia» egin zuen gerra saihestu, eta zibil guztien sufrimendua murrizteko: «Nire aurka egin beharrean, saritu egin behar nindukete egin ditudan gauza on guztiengatik». Bere aurkako salaketa guztiak ukatu ditu Bosniako serbiarren buruzagi ohiak.
Besteak beste, Srebenica eta Sarajevo hirietan egindako genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak egozten dizkiote Karadzici. 1995. urtean8.000 musulman inguru hil zituen Bosniako serbiarren armadak Srebenican, Ratko Mladic jeneralaren agindupean. Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europan izandako sarraski handiena izan zen. Karadzicek adierazi du Hagako auzitegira iritsi aurretik ez zuela han gertatutakoren berririk, eta esan du ez dela hilketen erantzule: «Inoiz ez nuen baimenik eman krimenik txikiena egiteko ere». Srebenicarako emandako agindu guztiak «zibilak eta musulmanak» babesteko eman zituela azaldu du.
Ia lau urte iraun zuen Sarajevoko setioan, berriz, 12.000 lagun hil zituzten indar serbiarrek, bonben eta frakotiratzaileen bidez. Karadzicek defendatu du hildako gehienak «musulmanen euren erasoek» eragin zituztela, eta ez serbiarrek: «Sarajevo nire hiri kuttuna da. Hilketei musulmanek ekin zieten. Ni izutu egiten naute bonbek eta frankotiratzaileek».
Karadzic 2008. urtean atxilotu zuten Belgraden, hamahiru urtez justiziarengandik ihesi ibili ondoren. Haren aurkako epaiketa, berriz, hurrengo urtean hasi zuten Hagan. Behin eta berriz, epaiketa atzeratzen ahalegindu dira Karadzic eta haren abokatuk. Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak dagoeneko 161 pertsona inputatu ditu, 1990. hamarkadako Balkanetako gerraren harira. Horietatik gehienak serbiarrak dira. Maiatzean, esaterako, Mladic buruzagi militarraepaitu zuten, Sarajevon eta Srebenican egindako gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egotzita. Hark ere, ukatu egin zituen bere aurkako akusazio guztiak.
Ondoko epai gelan, Hadzic
Karadzic epaitzen ari diren auzitegi berean, atzo hasi zuten Goran Hadzic Kroaziako serbiarren buzagi ohiaren aurkako epaiketa. Fiskaltzak 20.000 herritarKroaziatik kanporatzea egozten dio Hadzici. Besteak beste , Vukovar hiriko erietxeko sarraskia agindu izana ere leporazten diote. Bertan, 200 preso eta zibil torturatu eta hil zituzten Kroaziako serbiarren indarrek, eta hobi komun batean lurperatu zituzten gero.
Karadzicen ustez, saritu egin behar lukete egin dituen «gauza on guztiengatik»
Bosniako serbiarren buruzagi ohiak Hagako epaitegian ukatu egin ditu egozten dizkioten gerra krimen guztiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu