Kartzela zigorra, bortxatua izateagatik

Afganistango Justiziak adulterioa egotzi eta hamabi urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon batek bortxatutako emakume bati. Bi aukera eman dizkio orain: kartzelan jarraitu ala bortxatzailearekin ezkondu.

Jon Fernandez.
2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Gulnaz izeneko emakume afganiarra aterabiderik gabeko amesgaizto batean bizi da. Bere lehengusinaren senarrak bortxatu egin zuen duela bi urte, 19 urte zituenean, eta Afganistango Justiziak hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zion, adulterioa leporatuta. Dagoeneko bi urte egin ditu Kabulgo Badam Bag kartzelan; handik atera nahi badu, aukera bakarra eskaini diote: bortxatu zuen gizonarekin ezkontzea. Gulnazek onartu egin du, «horrela bortxaketaren ondorioz jaiotako nire alabak ama bat izango du aurrerantzean ere».

Gulnazena ez da kasu bakana Afganistanen. Egoera horretan dauden emakumeak, gainera, desohore iturritzat jotzen dituzte euren komunitateek eta familiek, eta sarri hil egiten dituzte, ematen dieten «lotsagatik». Horrela, kartzela lekurik seguruenetakoa bihurtzen da zenbaitetan bortxatutako emakumeentzat.

AEBetako CNN telebista kateak jaso du Gulnazen testigantza, hari kartzelan egindako elkarrizketaren bidez. Baina bestelako gatazka batengatik hartu du kasuak horrenbesteko sona. Europako Batasunak Afganistango emakumeen eskubideen gaineko erreportaje bat egiteko eskatu zion dokumentalgile talde bati. Gulnazi buruzko dokumental zabala filmatu dute, baina EBk eten egin du proiektua, «emakumeak, aurpegi bistan agertuta, arriskuan jar daitezkeelako». CNNren arabera, baina, EBk Afganistango Gobernuarekin duen harreman «hauskorra» izan daiteke arrazoia, bideoak nabarmen uzten duelako hango justizia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.