Fiskaltzaren arabera, Turkiako egunkari kemalista harremanduta dago PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin —"terroristatzat" jotzen du Ankarak—, baita Fethulla Gulen lider islamistarekin ere. Hain zuzen, 2016ko uztailean Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen kontra gertatutako estatu kolpe saiakera hauspotzea egozten dio gobernuak Guleni.
Auzitegiak kartzela zigorrak ezarri dizkie egunkariko zuzendaritzako kideei, kazetariei eta kolaboratzaileei. Murat Sabuncu erredaktoreburuari, esaterako, zazpi urtekoa, Agmet Sik kazetariari bezalaxe. Akin Atalay zuzendariari ezarritako kondena sei urtekoa da. Behin-behinean zegoen kartzelan, eta behin-behinean aske utzi dute, helegiteaz deliberatu bitartean.
Can Dundar erredaktore buru ohia Alemanian dago erbesteratuta, eta in absentia epaitua izan da. Epaileak ez du, momentuz, sententziaren berri eman. Egoera berean dago Ilhan Tanir kazetaria.
Egunkariko langileen abokatuek haien bezeroen errugabetasuna defendatu dute, eta salatu akusazioen oinarri bakarra kazetak argitaratutako elkarrizketak eta artikuluak direla.
Estatu kolpe saikera gertatu zenetik, Erdoganen gobernuak 50.000 lagunetik gora atxilotu ditu, eta 150.000 pertsona baino gehiago haien lanpostuetatik kaleratu; batik bat, kazetariak, militarrak, funtzionarioak eta irakasleak.