Karzairen anaiordea hil dute Afganistanen, Kandaharko buruzagi boteretsua

Talibanek beren gain hartu dute hilketa, baina gobernu inguruko iturrien arabera, «diru kontuak» egon daitezke atzeanNegozio asko kudeatzen zituen Ahmed Ualid Karzaik, susmagarriak horietako asko

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Hamid Karzai Afganistango presidentearen gobernuaren kontrako ekintza «indartsua eta mingarria» izan da talibanentzat atzokoa, tiroz hil baitute Ahmed Uali Karzai presidentearen anaiordea; baina, gainera, Kandaharko Kontseiluko buruzagia ere bazen, Afganistango hegoaldeko politikari boteretsuena. Negozio asko kudeatzen zituela eta —horietako batzuk susmagarriak—, harekinlanean ziharduten gobernuko hainbat kidek —izenik ez dute eman— zalantzan jarri dute noren izenean eta zergatik hil duten. «Diru kontuak» aipatu dituzte. Ustez Sardar Mohammedek hil du, «familiaren adiskide minak», lekukoen arabera, baina besterik ez dute argitu.

Atzo goizean Kandahar hiriko gobernuaren egoitzan zegoen Ahmed Uali Karzai —etxebizitza ere horixe zuen—, eta 60 bat pertsona zeuden egoitza osoan tiroketa izan zenean, ohi bezala, eskaerak egiten eta negozioak bideratzen. Dirudienez, errezoan hasteko prest zegoela gerturatu zitzaion Sardar Mohammed eta bi tiro egin zizkion, bat buruan eta bestea bularrean. Ekintzailea ere hantxe geratu zen zerraldo, Karzairen bizkartzainek berehala erantzun baitzuten. Ospitalera eraman zuten, baina alferrik. Han hil zen.

Sardar Mohammedek urte asko egin ditu karzaitarren segurtasuna zaintzen, eta baimena zeukan armarekin egoitzan sartzeko. Jusuf Ahmadi talibanen ordezkariak jakinarazi zuen denbora askoan prestatutako ekintza izan dela, «aspaldiko lorpenik handiena Ahmed Uali, Hamid bezala, afganiarren aurkako ekintzetan nahasia» baitzegoen.

Ez dira, baina, talibanak hainbat gauzatan nahastuta zegoela pentsatzen duten bakarrak. Hilketak Kandaharko botere egitura astindu du, Karzai familiak eta haren laguntzaileek osatzen duten sarearen inguruan eraikitzen baita botere gehientsuena, Afganistango hegoaldeko droga trafikoa barne. Baina karzaitarren politikaren etsai asko dago ere bai Kandaharren, eta Afganistango leku arriskutsuenetako bat da.

Ahmed Uali Karzairen izena denbora askoan egon da ustelkeriaren eta legez kanpoko ekintzen atzean. Afganistango oposizioak leporatu izan dio segurtasun enpresa susmagarrien buru izana, eta Mendebaldeko ordezkariek, ustelkeriaz oro har, AEBek barne. Kandaharko militar buruzagi estatubatuarrek urteetan salatu dute gobernuaren ustelkeriak talibanak indartzen dituela, eta presidentearen anaia negozio boteretsuetan zegoela. Duela bi urte David McKiernen Afganistanerako orduko arduradunetako batek ziurtatu zuen drogarekin zuen lotura aztertuko zutela, baina akusazioa hor geratu zen; dirudienez, ez zegoen nahikoa frogarik.

Urte berekoa da, ordea, Karzairen anaiordea CIArekin estuki lotua dagoela dioen albistea. Militar estatubatuarrek New York Times-i jakitera eman zioten gutxienez gerra hasi zenetik, 2001etik, soldata ordaintzen ziola CIA inteligentzia zentroak, hainbat zerbitzuren truke, besteak beste, informazioa emateagatik eta CIAri laguntzeko Afganistango indar paramilitarrak errekrutatzeagatik.

Batzuen edo besteen alde, haren ibilbidea ez da ustekabean igaro, eta, horregatik, presidentearen anaiordeak eraso gehiago izan zituen. Duela bi urte talibanak saiatu ziren hura hiltzen, eta bizkartzaina hil zuten. Hilabete lehenago, bost suizidak Kandaharko gobernuaren eraikinaren kontra bonbak leherrarazi zituzten, eta hamahiru lagun hil zituzten, tartean eskualdeko bi buruzagi. Karzai ez zegoen han atentatua gertatu zenean.

Sarkozy, Afganistanen

Nicolas Sarkozy presidentea ezustean azaldu da Afganistanen, Frantziako tropen laurdenek datorren urterako herrialdea utziko dutela esatera joan nahi izan du, baina iragarpena igaro da ia ezustean, gertatutakoari buruz hitz egin egin dute-eta agerraldian.

Bien bitartean, NATOren erasoetan zibilak hiltzen jarraitzen dute, atzo hamasei hil zituzten, Logarko agintariek salatu dutenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.