KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA

Kasai ibaian ontzi bat hondoratu eta gutxienez 150 pertsona hil dira

Litekeena da ontziak ahal baino bidaiari eta merkantzia gehiago eramatea; 40 pertsona ibaiertzeraino igerian joan eta salbatu egin dira

AGENTZIAK
KINSHASA
2005eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikoan ontzi bat hondoratu eta gutxienez 150 pertsona hil ziren astelehen goizaldean. Ilebo eta Tshikapa hirien arteko bidaia egiten ari zen ontzia Kasai ibaian barrena. Angolako mugatik 75 kilometrora, herrialdearen hegoaldean, hondoratu zen ontzia goizeko aurreneko orduan. Khinsasako iturriek, alta, atzo eman zuten hondoratzearen berri.

Litekeena da ontziak ahal baino bidaiari gehiago eramatea eta, hain zuzen ere, horregatik urperatzea. Agintariek, dena den, ez dute egiaztatu istripuaren arrazoia hori izatea. Tshikapako alkate Hubert Ndingok ezin izango dela ontzian zenbat bidaiari zihoazen zehaztu adierazi zuen atzo. Hainbat informazio iturriren arabera, ordea, ontzian orotara berrehun pertsona inguru joaten ziren eta soilik ehun eta hogeirentzat zegoen lekua. Gainera, ontziak garraiatzen zuen merkantzia kopurua ontzi horietan baimendutakoa baino handiagoa zen. Ontzia kubierta bakarrekoa zen, luzea eta estalperik gabekoa. Herrialdean oso ohikoak dira gisa horretako ontziak.Ontzia urperatzen ari zela ohartzean bidaiari askok uretara salto egin eta horietako berrogei inguru ibaiertzeraino igeri eginda salbatu ziren. Gainontzeko bidaiariak ito egin direla uste dute agintariek. Salbamendu taldeak gorpuak ateratzen ari dira egunotan ibaitik. Ibaian behera, istripua izan zen lekuaren inguruan, hainbat hilotz agertu dira.Hubert Ndingo alkateak ontzian, bereziki, emakumeak joaten zirela jakinarazi zuen: «Tshikapako merkatuan nekazaritzako produktuak saltzera etortzen diren emakume askok ontzi hori hartzen zuten goizean. Emakume gehienek litekeena da igeri egiten ez jakitea eta, horregatik, ibaian itotzea»:Kongoko Errepublika Demokratikoan oso ohikoa da ontziz bidaiatzea. Kontinenteko hirugarren herrialde luzeena da eta errepideak oso baldintza kaskarretan daude, asfaltatu gabe. Ontziz bidaiatzea erosoagoa da. Ontziak, dena den, ez dira oso baldintza onetan egoten eta, zaharrak izateaz gain, ez dituzte azterketa teknikoak pasatzen. Gainera, maiz, ahal baino bidaiari gehiago joaten dira ontzietan. Azken urteotan ontzi ugari hondoratu dira herrialdean, ibaietan zein aintziretan. Iazko azaroan, esaterako, berrehun pertsona inguru hil ziren ekaitz baten eraginez ontzi bat urperatuta. Apirilean, berriz, beste berreogeita hamar pertsona hil ziren beste istripu batean. Tanganika aintziran izan ziren bi istripuak; Kongo, Burundi eta Tanzania lotzen dituen aintziran. Kivu aintziran, urriaren 11n, ontzi bat irauli eta beste hogeita hiru pertsona hil ziren.

Mila pertsona ito diraazken bost urteetan

Azken bost urteotan mila pertsona baino gehiago hil dira Kongoko Errepublika Demokratikoan izan diren ontzi hondoratzeak direla medio. 2003. urteko azaroan bi ontzik elkarren kontra jo eta hondoratu egin ziren Mayi Ndombe aintziran. Istripu horretan 163 pertsona hil ziren. Beste 222 lagun birizik atera ziren. Ruandarekin muga egiten duen Goma hirian, berriz, portuan, beste istripu bat izan zen 2001eko maiatzean. Ekaitza lehertu eta herritarrak ontzira igo ziren euritatik babestera. Orduan, ontzia irauli egin zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.