Kasu berriak ugaritzen ari direla atzeman dute Europan, «hainbat hilabetean lehen aldiz»

OMEren arabera, egunean 20.000 positibo eta 700 hildako zenbatzen dituzte Europan. Hego Amerikan, berriz, kasu berriak %25 eta %50 artean hazi dira astebetean.

Alemaniako animalia hiltegi batean 1.500 kasu atzeman dituzte. FRIEDEMANN VOGEL / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko ekainaren 25a
15:10
Entzun

«Hainbat transmisio bizkorrek agerraldi oso esanguratsuak eragin dituzte 11 herrialdetan. Kontrolatzen ez badira, Europako osasun sistemak berriz muturrera eraman ditzakete». Hala ohartarazi du OME Osasunaren Mundu Erakundearen Europako arduradun Hans Klugek. Erakundea kezkatuta agertu da Europan COVID-19 kasu berrien gorakada bat izan zelako aurreko astean, «hainbat hilabetean lehen aldiz». Erakunde horren arabera, egunero beste 20.000 kasu atzematen dituzte kontinentean, eta 700 lagun inguru hiltzen dira. Denera, 2,5 milioi baino gehiago dira baieztatutako positiboak —OMEren Europa sailak 53 herrialde hartzen ditu bere barnean—.

Halere, hainbat estatu zoriondu ditu Klugek, agerraldi berrien aurrean izan duten erantzun «azkarragatik». Alemania, Polonia eta Espainia aipatu ditu, besteak beste, «eskoletan, meategietan eta elikagai produkzio enpresetan» agertutako kasuei aurre egiteko izan duten gaitasunagatik: «Kasu berriak agertzean, ongi zuzendutako esku hartzeen bidez kontrolatu dira». Alemaniakoa da kasu esanguratsuenetako bat. Asteartean, 600.000 lagun inguru bizi diren eremu bat bakartzeko agindua eman zuen, Ipar Renania-Westfalian. Europako animalien hiltegirik handienean 1.553 positibo atzeman zituzten, eta, ondorioz, bi barruti itxi.

Itsasoaren beste aldean, okerrera

Europara baino beranduago iritsi zen COVID-19aren pandemia Latinoamerikara, eta garairik zailenetako bat igarotzen ari dira orain. «Fase gogor batean» daudela adierazi du OMEren larrialdietako buru Mike Ryanek, «kasuak etengabe ugaritzen» ari baitira. Azken astean, kasuak %25 eta %50 artean igo dira, herrialdearen arabera. Ryanen esanetan, hainbat lurraldetan «transmisio komunitario iraunkor bat» mantentzea da horren arrazoia. OMEren arabera, gainera, egoerak okerrera egin dezake, negua hastear baitago han: «Baliteke COVID-19a eta gripea nahasten diren kasuak egotea, eta horrek zaildu egingo luke gaixotasunaren jarraipena».

Latinoamerikako herrialdeetan heriotza tasa Europan baino txikiagoa da, baina, halere, ia 100.000 lagun hil dira. Nabarmentzekoak dira Brasilen (51.000 hildako) eta Mexikoren (22.000) kasuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.