herrialde katalanak

"Katalunia Espainiaren zati bat baino ez da", dio Auzitegi Konstituzionalak

Espainiako auzitegiak gaur atera du Estatutuari buruzko epaia. Erabakiaren berri ekainaren 28an eman zuen. 'Nazioa gara. Guk erabakitzen dugu' lelopean manifestazioa izango da bihar Bartzelonan, katalanen erabaki eskubidearen alde, Omnium Cultural plataformak deituta.

2010eko uztailaren 9a
17:39
Entzun
"Kataluniako hiritartasuna Espainiakoaren zati bat baino ez da eta Konstituzioak Espainiako nazioa besterik ez du aitortzen". Hori dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari buruzko epaian. Itunaren aurka PPk duela lau urte jarritako helegiteari buruzko erabakia ekainaren 28an plazaratu zuen auzitegiak, eta sententzia gaur argitaratu du.

Estatutuaren hitzaurrean jartzen du Katalunia "nazioa" dela baina Konstituzionalak berretsi du aipamen horrek "eraginkortasun juridikorik" ez daukala.

Konstituzionalak ontzat jo du Kataluniako Estatutua, baina murrizketa garrantzitsuak egin dizkio. Auzitegiaren epaiak dio Espainiako Estatua "nazio zatiezina" dela. Bestetik, ez du onartu Katalunian katalana izatea administrazio publikoko "lehentasuneko hizkuntza", ezta Kataluniak botere judizial propioa izatea ere. PPk sartu zuen Kataluniako Estatutuaren aurkako helegitea, 2006ko uztailaren 31n, Espainiako Konstituzioa betetzen ez duelakoan.

PPk helegitea sartu aurretik, Kataluniako eta Espainiako legebiltzarrek eta Kataluniako herritarrek onartu egin zuten Estatutua: Kataluniako Parlamentuak 2005eko irailean onartu zuen, legebiltzarkideen %90eko babesarekin. Espainiako Kongresuak 2006ko martxoan onartu zuen, PPk soilik eginda kontra; Kataluniako herritarrek 2006ko ekainean erreferendumean jo zuten ontzat, botoen %74ko babesarekin. Ituna 2006ko abuztutik indarrean da eta Kataluniako Parlamentuaren eskumenetan dagoen %75 garatuta dago.

1.223 erakunderen atxikimendua biharko manifestazioari

Kataluniako 1.223 elkarte edo erakundeak agertu diote atxikimendua bihar Bartzelonan katalanen erabaki eskubidearen alde egingo duten manifestazioari. Honen antolatzaileak jakinarazi du datua: Omnium Cultural plataformak.

Jende asko espero dute martxan. Esaterako, Omnium Culturalen arabera, Kataluniako leku desberdinetatik gutxienez 300 autobus iritsiko dira Bartzelonara, ekimenan parte hartuko duen jendearekin.

CiU, PSC, ERC eta ICV-EUiA alderdi politikoek ere azaldu dute babesa, UGT eta CCOO sindikatuek ere bai, Bartzelona kirol klubak... Han izango dira, halaber, Josep Montilla Generalitateko presidentea eta Jordi Pujol eta Pasqual Maragall lehendakari ohiak.

Nazioa gara. Guk erabakitzen dugu leloa izango du manifestazioak. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari murrizketa garrantzitsuak egin ondotik deitu zuen Omnium Culturalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.