Katalunia independentearen aldekoak %48,7 dira, inkesta baten arabera

Kataluniako Generalitatearen Ikerketa eta Iritzi Zentroaren azkeneko inkestak, urrian egindakoak, agertu du datua. Estatu independente bat eraikitzearen aldekoak dira katalan gehienak. Hauteskundeak orain egitekotan, independentistek irabaziko lituzkete berriro, baina gehiengoa justu lortuta. Catalunya En Comuko boto emaileen %30 estatu independetearen alde leudeke.

Ikerketa eta Iritzi Zentroak kaleratu du urteko hirugarren inkesta politikoa.
mikel p ansa
2017ko urriaren 31
19:17
Entzun

"Nahi duzu Katalunia estatu independente bat izatea?" galdera zuzena egin du inkestak, eta katalanen %48,7k erantzun diote baietz. Igo egin da independentziaren aldekoen portzentajea —inkesta berean, ekainean, %41,1 ziren—. Ezezkoa, berriz, %43,6k eman dute orain; jaitsi egin da aukera hori —ekainean %49,4 ziren—

Junts Pel Si eta CUP koalizioen boto emaileek babesten dute estatu independentea (haien boto emaileen %93 inguruk). Kontrakoetan, Ciutadanseko eta PPko boto emaileak dira kontrakoenak —%99 eta %92 hurrenez hurren; PSCko boto emaileen %87 dira kontrakoak—.

Catalunya En Comuko boto emaileak dira estatu independentearen aukera horri buruz zatituen daudenak, inkestaren arabera: %55,7 kontra daude; baina %30,4 aldekoak dira.

Beste era batera ere formulatu du desio hori galdeketak. Lau aukera jarri dizkiete inkestatuei, eta horrela ere Kataluniak estatu independente bat izan behar duela pentsatzen dutenak dira gehiengoa: %40,2. Beste aukerak zatituago agertu dira: "Espainiako autonomia erkidegoa" izatea (%27,4) eta "Espainia federal baten barruko estatua" izatea (%21,9). "Espainiako eskualde bat" besterik izatea nahi ez luketenak gutxiengo argia dira berriz (%4,6).

Sentimendu nazionala nagusi da katalanen artean: %49,7k bere burua ikusten du "Katalunian bizi den kataluniar" gisa. "Katalunian bizi den espainiarra" %18,6 sentitzen dira. "Espainian bizi den kataluniar", %15,2. "Espainian bizi den espainiar" gisa, %5,3 baizik ez dira sentitzen.

Herrialdeak "autonomia gutxiegi" duela pentsatzen dutenak ere gehiengo zabala dira: %64,6. 2013ko ekainean jo zuen goia uste horrek (%72,5); edozein moduz, 2007tik hona, hamar urtez, %60 baino gehiago izan dira, modu konstantean, iritzi hori defenditu dutenak.

Boto intentzioa ere neurtu du inkestak, eta oraingoen antzeko emaitza batzuk iragarri ditu, hauteskundeak orain egingo balira. Ikusteko dago abertzaleek abenduaren 21eko bozetara aurkezteko modurik izango duten, eta nola egingo duten, plataforma bakarrean, edo zatituta. Ikerketa eta Iritzi Zentroen inkestak, oraingo koalizioetatik abiatuta, emaitza hauek iragarri ditu:

Junts Pel Si (botoen %39,7): 60-63 diputatu (orain 62 ditu).

Ciutadans (botoen %18,2): 25-26 diputatu (orain, 25).

PSC (botoen %13,9): 17-19 diputatu (orain, 16 ditu).

Catalunya Si Que Es Pot (botoen %10,5): 12-14 diputatu (orain, 11).

PP (botoen %8,3): 10-11 diputatu (orain, 11).

CUP (botoen %6,2): 8-9 diputatu (orain, 10).

Parte hartzea %75ekoa izango litzateke. Herritarren %16k ez dutela erabaki ere zehazten du.

Emaitza horiekin, Junts Pel Sik eta CUPek kasurik txarrenean 68 eta onenean 72 diputatu lortuko lituzkete. Orain 72 dituzte, eta parlamentuen gehiengo absolutua lortzeko 68 da gutxieneko kopurua —135 eserleku ditu Kataluniako Parlamentuak—.

Inkesta egiteko, 1.338 pertsonari egin dizkiete galderak, urriaren 16 eta 29 artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.