Katalunia subiranotasun handiago batera trantsizio bidean da. Hala uste du Oriol Pujolek, eta prozesu hori ezin dela geratu gaineratu du. CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoko XVI. biltzarra hasi aurretik esan ditu hitz horiek. Ostiraletik igandea bitartean Reusen egiten ari diren biltzarrean, hain zuzen, Artur Masen lekukoa hartuko du Pujolek alderdiko idazkari nagusi moduan.
Idazkari nagusia hautatzeaz gain, ondorengo urteetarako estrategia politikoa eztabaidatu eta onartuko dute CDCko 2.000 ordezkarik Reusen. Alderdiko ideologoek, Francesc Homs buru dutela, bide orria aurkeztu dute, eta bertan Kataluniaren erabateko burujabetzaz hitz egiten dute. Alderdiko hainbat ordezkarik, dena den, eufemismoak baztertu eta independentziaren alde argi eta garbi egiteko eskatu dute, eta zuzenketak aurkeztu dituzte. Buruzagitzak, ordea, ez ditu onartu izaera independentista duten zuzenketak, burujabetasun sentimendua egungo testuan islatzen dela argudiatuta. Homsen estrategiaren lehen pausoa Espainiako Gobernuarekin itun fiskala lortzean oinarritzen da.
Reuseko biltzarrean parte hartuko duten ordezkarien artean inkesta bat egin dute, eta Pujolek jakinarazi du horietatik %65ek uste dutela ez dela itun fiskalik lortuko Madrilekin. Aldiz, ordezkarien %71k estatu propioa defendatu dute, eta %91k esan dute erreferendumean Kataluniaren independentziaren aldeko botoa emango luketela.
Baita independentista ere
Pujolek esan du «pozik» dagoela Homsen estrategia zirriborroarekin. Adierazi du subiranotasunaren auzia politikaren lehen lerroan kokatzen duela, eta «mugarik gabe aukeratzeko eskubidearen» alde egiten duela.
«Eskema klasikoetatik ihes egin du Convergenciak beti. Ezkerra eta eskuina, independentista eta ez independentista. Ardatz politiko horietatik ihes egin izan dugu. CDC alderdi independentista bat baino askoz ere gehiago da», esan du Pujolek. Homsek, berriz, alderdia «independentista» moduan definitzearen kontra egin du. Nazionalismoaren aurkariek CDCren izen ona kentzeko baliatuko luketela esan du. Bestetik, garrantzitsuena, Kataluniaren burujabetzara «nola» ailegatu definitzea dela azaldu du.
Mas, presidente
Pujolek Masen lekukoa hartuko du, eta orain arte idazkari nagusi zena, berriz, alderdiko presidente izendatuko dute. Kataluniako presidente ohi Jordi Pujoli, berriz, presidente sortzaile postua emango diote. Horrez gain, Irene Rigau Hezkuntza sailburua CDCko Batzar Nazionaleko presidente izateko aurkeztuko du Oriol Pujolek.
Trantsizio nazionala izango da biltzarreko eztabaida gai nagusia, baina, horrez gain, CiU osatzen duen beste erdiarekin —Kataluniako Batasun Demokratikoa— harremana nola bideratu ere hitz egingo dute.
Katalunia subiranotasun handiago batera trantsizio bidean dagoela dio Pujolek
CDCko idazkari nagusi izendatuko dute Oriol Pujol; estatu propioa nahi dute alderdiko ordezkarien %71k
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu