Oposizioan egindako urteek esperientzia eta segurtasun handia eman dioten plantarekin hitz egiten du Convergencia i Unioko hautagaiak, Artur Masek (Bartzelona, 1956); inkestek denak irabaztekoak dituela esateak ematen duen konfiantzaz ere bai. Kanpaina lasaia eta serioa egiten ari da, hizkuntza zuzena erabiliz, ezustekorik gabe, irabazle izatearen ilusioz, baikor eta indartsu. Erabateko gehiengoan ezarri du helburua: «Badakit erabateko gehiengoa lortzea zaila izango dela, baina irabaziz gero, bakarrik gobernatu nahi dugu. Nik ez dut itunik egiten. Kataluniak ez du koalizio gobernurik behar, horrek dena konplikatzen baitu. Hirukoak eta gisako koalizioek ezin dute gehiago eman, aldaketa bat behar dugu, programa ezberdinekin. Gobernu sendo eta batua behar dugu: CiUk eskain dezakeena, alegia».
Masek esaten duenez, nahiago du besteez ez hitz egin, baina berak egingo ez lukeenaz hitz egiterakoan ezinbestean aipatzen ditu besteak. Hirukoaz hitz egiten duenean, besteak beste. Formula horrek askotan gobernu ezegonkorra eta gatazkatsua sortzen duela uste du: «Hirukoa hilda dago, ez du funtzionatzen».
Masentzat, hiruko gobernua sortu zutenek hura orain ukatzea hauteskundeetarako trikimailua besterik ez da. Haren ustez, ez da sinesgarria Jose Montilla Kataluniako Generalitateko presidente eta PSC Kataluninako Alderdi Sozialistako buruak berak esatea ez duela hirukoa berriro osatzeko asmorik: «Montillak esan zuen hirukoa iraganeko gauza dela, baina hark berriz ere irabazteko daukan aukera bakarra hirukoa da. Oso eszeptikoa naiz hauteskundeen aurreko hilabetean adierazitako asmo horiekin. Berak hiruko kidea dela gogoratu beharra dauka. PSCk laguntza beharko du gobernatzeko». Baina horrelakoak esaten dituenean, sozialistek CiUri gogorarazten eta leporatzen diote PPrekin batu nahi izatea gehiengoa lortzeko. Masek, baina, ez du inorekin elkartu nahi: «Nik ez dut itunik egiten». Oraingoz.
2003an Kataluniako Legebiltzarrerako hauteskundeetan hark lortu zuen eserleku gehien, nahiz eta oposizioan geratu behar izan zuen hirukoaren ondorioz. Orduztik izan da oso kritiko gobernatzeko formula horrekin.
Immigrazioa, bigarren mailan
PPk etorkinei buruz esandakoen inguruan gutxi mintzatu da Mas, ez du-eta horretaz jardun nahi: «Ez da gai nagusietako bat guretzat». Gai horren inguruan egon diren ika-miketatik kanpo dago CiU: «Badakigu tirabirak izan direla gai horri buruz, baina gure bi zutabeak ekonomia eta hezkuntza dira. Dena den, etorkinei, independentziari eta gisa horretako gaiei ere emango diegu tartea».
Independentziaz hitz egiten du, herritarrek hartara derrigortu dituztelako alderdiak, baina aitortu du independentziak baino gehiago nortasunaren kulturak eta hizkuntzak kezkatzen duela. Masek argi utzi du ez dagoela hizkuntza eta gisako gaiak alde batera uzteko prest, ezta eskubideak urra daitezen uzteko ere. Hala, PPri hizkuntza araudiaren aurka egin izana leporatu dio: «Elkarbizitza sozialaren eta hizkuntz askatasunaren babeslea naiz, eta herri honek hizkuntza propioa dauka: katalana. Eta hori denek errespetatu beharko lukete, baita PPk ere».
Alderdi Popularrak erabiltzen duen probokazioaren bidean erori baino nahiago du erakutsi hori ez dela bidea: «Alderdi horrek zailtasunak eta etsaiak sortzen ditu nonahi Katalunian, eta hori hauteskundeen emaitzetan islatuko da. Katalunian beren burua kokatzeko aukera izan dute, baina etengabe probokatzen dabiltza». Zezenketak eta gisa horretako gaiak aipatzen ditu, hizkuntzarekin batera, PPk Kataluniarekiko errespeturik ez duela erakusteko: «Azken batean, jarrera bera dute gai batean zein bestean. Ez dituzte errespetatzen nortasunaren adierazpenarekin lotutako gaiak».
Auzitegi Konstituzionalak Estatutua murriztu izanaren aurkako erabakia ere nortasunaren adierazpenarekin dago estuki loturik: «Kataluniako Legebiltzarrean onartutakoari uko egitean erakusten da demokrazia ez ulertzeko dagoen ertsitasuna». Autogobernuari ateak ixtea ulergaitza da harentzat, eta Montillaren Itun Fiskalarekin ez doazela inora uste du: «Madrilen gure nahiaren aurka borrokatzen dira, autogobernu minimoa errespetatu gabe. Arazo bat daukagu Katalunian: gure aberastasunak ingurukoek hartzen dituzte, eta Katalunia txirotzen dute. Montillak proposatutako Itun Fiskalak gauza batzuk alda litzake, baina ni saiatuko naiz Montilla eta ingurukoak kontzertu ekonomikora batu daitezen konbentzitzen». Haren ustez, nahiz eta ukatu egiten duten, PSC eta PP kontzertu ekonomikoaren aurka batu dira. «Nola liteke, baina, Espainiak Kataluniari inolako laguntzarik ez ematea eta, aldiz, Kataluniak Espainiari etengabe diru laguntzak eman behar izatea?».
Abstentzioa da hauteskunde hauetan hautagaiak kezkatzen dituen arazo nagusienetako bat. Inkesten arabera, herritarrek ez dute interes handirik erakutsi, eta horren arrazoia sakonki ikertu behar da: «Demokraziaren aberastasuna parte-hartzearen indarrean datza. Horregatik, hauteskunde hauetan parte-hartzea txikia bada, beherakada handiena zein alderditan gertatu den begiratu beharko da. Esate baterako, jendeak gure alderdiari bozkatzen badio, aldaketa nahi dutelako izango da». Hala, Masek argi utzi du zein izaten ari den hauteskundeetan arrakasta lortzeko bidea: «Gure helburu nagusia jendearen beharrei konponbide zuzenak ematea da, jendeari lagundu ahal izatea eta gainontzeko alderdien probokazioei ez erantzuten saiatzea».
Ustelkeria
Dena den, probokaziorik handiena ustelkeriaz mintzatzea izan zitekeen gainerako alderdientzat, baina ez da horrelakorik gertatu. Palau de la Musicaren auzian Bartzelonako Fiskaltzak CDC Convergencia Democratica de Catalunya alderdiko diruzaina eta Immigrazio idazkaria inputatzeko eskatu zuen hauteskundeak hasi baino astebete lehenago, eta Masek salatu zuen «Fiskaltza kanpainan sartu» zela. Egunotan, ordea, tentuz saiatu da gaia alde batera uzten. Montillak zein Joan Puigcercos Esquerra Republicana de Catalunyako buruak azalpenak eman ditzan eskatu diote Masi, baina ez dute horretan zentratu kanpaina, espero zitekeen moduan.
Masek garrantzia kendu nahi izan dio: «Ez dakit zer gertatuko den arazo horrekin, baina ziur nago herritarrek ez dutela gauza hauetan sinistu nahiko». Bozen egunean herritarrak direnez garrantzitsuenak, «jendearen botoek islatuko dute herriaren borondatea». «Gehiengo absolutua lortu ala ez, indarrean eta sendotasunean oinarrituta, gobernu atsegina eraikiko dugu», azaldu du Masek.
«Kataluniak ez du koalizio gobernurik behar»
Irabaziko duen segurtasunaz mintzo da oposizioko burua, eta hiruko gobernuak behar duen aldaketa bere alderdiaren programan dagoela dio, ekonomian eta hezkuntzan oinarrituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu