Ezohiko neurria hartu dute Kataluniako hamabi egunkarik: editorial bera argitaratu dute gaur, Kataluniako Estatutu berriaren alde. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak laster ebatziko du Estatutuari buruzko helegiteaz, Katalunian beldur dira hainbat kontzeptu ezabatu egingo dituela, eta itunaren defentsa eginez atera dute editoriala kazeta hauek: El Periodico, La Vanguardia, Avui, El Punt, Diari de Girona, Diari de Tarragona, Segre, La Mañana, Regio 7, El 9 Nou, Diari de Sabadell eta Diari de Terrassa-k. Kataluniaren duintasuna izenburua jarri diote artikuluari.
Bi dira auzitegiak Espainiako Konstituzioaren kontrakotzat jo ditzakeen artikuluak: Kataluniaren nazio izaera aipatzen duena eta katalana ezagutzea beharrezko jotzen duena. PPk aurkeztu zuen testuaren aurkako salaketa.
Kataluniako Legebiltzarraren %90k Estatutu berriaren alde egin zuen duela hiru urteko bozketan, Espainiako Kongresuak ere gehiengoz onartu zuen (aldaketak eginda), eta gero katalanek ere babestu egin zuten erreferendumean. 2006ko ekainaren 18an egin zuten galdeketa, parte-hartzea %49koa izan zen: baiezkoa %74, ezezkoak %21.
"Lehen aldia litzateke 1977tik [Espainiako Estatuko] auzitegi nagusia herritarrek berretsitako oinarrizko lege batez epaia emango lukena", diote egunkariek. "Eta egoezina ez da txikia".
munDUA
Kataluniako 12 egunkarik editorial bera atera dute, Estatutu berriaren alde
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak laster ebatziko du itunari buruz PPk jarritako helegiteaz, eta murriztu egingo duen beldur dira katalanak. Kataluniako Legebiltzarrak, Espainiako Kongresuak eta katalanek onartu zuten Estatutua, duela hiru urte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu